LAB sindikatuak bere babes osoa ematen dio urriaren 11rako deitutako ikasle grebarekin eta langileei dei egiten die ikasleekin batera mobilizatzeko.
Espainiar Gobernuak hezkuntzan eta beste hainbat esparrutan onartu dituen murrizketak salatzeko estaturik gabeko nazioetako ikasleek, tartean Hego Euskal Herriko ikasle mugimenduak, urriaren 11rako deitutako greba eta mobilizazio egunarekin bat egiten du LAB sindikatuak.
Hezkuntza eskubidea eskubide izatetik ordaindu ahal dutenentzako pribilegio bihurtzeko erabakia hartua du espainiar Gobernuak. Honela, irakaskuntzaren unibertsaltasuna eta doakotasuna murriztera jo izan duten neurriak aplikatzen dihardute. Madrilgo gobernuaren azken murrizketek eta Wert ministroaren erreformak bide honetan sakatu eta prozedura azkartu egin dute.
Hezkuntza erreformak helburu argiak dauzka: alde batetik, politikoki Estatu zentralizazioan sakontzea; bestetik, ekonomikoki, hezkuntza pribatizatzea bilatzen du eta bazterketa soziala areagotzen du. Eta batez ere, kapitalismo basatiak langileak esklabu bihurtzeko behar duen formazio ideologikoa ezartzera dator: eskubiderik gabeko ikasleok etorkizuneko eskubiderik gabeko langileak izango direla barneratzea, hain zuzen.
Ondorioz, erreformak Estatuko konpetentziak handitu eta Euskal Herrian curriculum propioak garatzeko ezintasuna areagotzen du. Ikasketa emaitzak baliabide ekonomikoekin lotzen dira, baliabide ekonomikorik ez daukaten ikasleentzat getoak sortuz. Horretarako zentroen finantziazio pribatuari ateak ireki eta finantziazio publikorako emaitzen araberako irizpideak markatzen dira, besteak beste. Eta hau gutxi balitz, hainbat mekanismo ezartzen dira “ikasteko balio duten eta balio ez duten ikasleak” txikitatik bereizteko.
Aipatzekoa da lanbide heziketa “dual” deitu duten horren emaitza: ikasleen heziketa enpresen esku uzteak ikasle horiek gazte-gaztetatik doako langile bihurtzea ekarriko du.
Lan munduan aplikatzen ari diren erreformen azken helburua esku lan merkea lortzea bada, hezkuntza erreforma honen azken helburua esku lan hori, merkea ez ezik, ezjakina eta ezikasia ere izatea da, heziketa elite gero eta txiki baten eskura mugatuta.
Hezkuntza eredu frankista, elitista eta baztertzaile honen kontra egiteko Euskal Herriko ikasle mugimenduak, espainiar Estatuko beste nazio zapalduetako ikasleekin batera, ostegunerako deitu duen ikasle grebarekin bat egiten du LABek. Honela, langileriari dei egiten diogu langile belaunaldi berria izango diren ikasleekin batera mobilizatzera.
Euskal Herrirako bestelako eredu ekonomiko eta sozial bat eraikitzeko, benetako herri burujabetza izateko, ezinbestekoa eta funtsezkoa den erronka dugu esku artean: hezkuntza sistema publiko, unibertsal, doako, euskaldun eta parteidetzan oinarritutakoaren alde lan eta borroka egitea.
No hay comentarios:
Publicar un comentario