Ikasleok Hezkuntza Murrizketen aurrean gogor erantzun!
Azken urteetan ikasleok izan gara murrizketen auziarekin murrizketa gehien pairatu behar izan dugun Hezkuntzako sektorea. Nafarroako gobernuak Yolanda Barcina buruan, Nafarroako ikasleon kontrako etengabeko murrizketak gauzatzen aritu da, arlo ekonomikotan nahiz hezitzailean.
Arlo ekonomikoan berriki ikusi dugun bezala, diru murrizketa bortitzak aurrera eramaten ari dira. Aurrekari anitz izan genituen aurreko urteetan, hala nola 2010eko aurrekontuetan: beken-poltsa %6 jaitsi zen, ikastetxe funtzionamendu gastua %7,5 gutxitu, teknologia berrien %26ko murrizpena eman zen… Guztira, 2010etik 2012ra Nafarroko Gobernuak hezkuntzan 140 milioi euroko murrizketa gauzatuko luke.
Neurri hauen ondorioz, aurtengo ikasturtearen hasieran nabarmendu zaizkigu murrizketarik bortitzenak ikasle kolektiboari. Mota askotako adibideak aurki ditzakegu egoera hau adierazteko: ikaskide kopuruaren igoera, askotan maximo legalara helduz edo gaindituz; hautazko ikasgaien kopurua txikitu dute; laguntza klaseak desagertu dira; material eskasia dago askotan heziguneetan; bajen ordezkapen berandutiarrak ematen ari dira; zaintza irakasleen gutxitzea…
Nafarroako Unibertsitate Publikoak ere, ez da egoera honetaz libratzen. 2011ko azken hiruhilekoko diru-laguntzatik, %25ekoa den 4 milioi euroko murrizketa egitera behartu diote. Horrez gain, 2009tik hona, Nafarroako Gobernuak N.U.P.eri ematen dion dirua urtero murrizten ari dio, guztiz kritikoa den egoerara helduz.
Horren ondorioz, faltatzen zaion dirua lortzeko, unibertsitateak enpresa pribatuen zerbitzura jarri da. Adibidez, N.U.P.en sukurtsal bat izateagatik, Santander Bankuak ikasleak atzerrira joateko bekak eta liburutegiko zerbitzu informatikoa ordaintzen du. Honek, etorkizunean derrigorrezko gastuen bermea entitate pribatuen ekarpenen menpe egotera ekarriko du, enpresariek ikasketak haien gustura moldatzeko aukera izanda. Azken finean, unibertsitatea gizartearen etorkizunerako tresna izatetik, enpresen mozkinak maximizatzeko tresna izatera bihurtzeko bidea daramala esan dezakegu.
Agerikoa den bezala, ikasleok pairatu behar ditugun baldintza txarrak anitzak dira murrizketa hauen ondorioz. Gainera, badirudi Nafar gobernuari ez zaizkiola aski iruditu eta 2012ko aurrekonturako 292 milio euroko murrizketa gauzatzeko helburua dauka.
Murrizketak ez dira soilik ekonomikoak izan, Nafarroako gobernuak hezkuntzaren balore hezitzaile eta askatzaileen kontrako murrizketak gauzatu ditu baita. Duela bi urte jada, Euskal Herria aintzat hartzen zuten testu liburuak zentsuratu zituen, berau erabiltzen zutenei diru laguntzak kenduz. Erasorik larriena iazko udan jasan genuen, azken unean onartutako “Ikasleon eskubide eta betebeharren dekretu forala” onartuz. Honek balore kriminalizatzaile eta autoritarioetan heztera garama. Edonolako jarrera “desegokien” aurrean kanporaketa bitartez erantzunez, adierazpen askatasuna mugatuz, botere osoa irakasle/zuzendaritza taldearen eskutan utzita, ikasleok eta gurasoek ikastetxeko egituratik kanpo mantenduz, edota gure janzkera determinatzeko ahalmena emanez ikastetxeari.
Horrez gain, unibertsitatean ezarri berria den Bologna Prozesuak, ikasleon eskubideen murrizketa bortitza ekarri du. Ikasleoi, derrigorrezko klaseak ezarri digute; azterketen errekuperatze eskubidea galdu dugu, horrek dakarren matrikularen garestitzearekin;eta ikasle akritikoak hezten saiatzen dira, langileak bezala minimo 8 ordurako lana ezartzen digutelarik, infatilizaziorako joera unibertsitateetan ere zabalduz.
Argi dago Nafarroako gobernua buru belarri lanean ari dela, baina ikasle zein herritarren hitzari inongo jaramonik ez dio egiten. Jakin badakite, hezkuntza dela herriaren motore eta ikasleok herriaren izaera aldatzeko premia duen kolektiborik indartsuena garela. Hori horrela izanik, ikasleoi etorkizun beltza bermatzeaz arduratuko dira, horretarako beharrezko diren neurri guztiak bermatuz.
Beraz, ikasleoi dagokigu gaurko eta biharko erronkei tamainaz erantzutea. Lehenengo hiruhileko honetan hartutako erabakiek, hezkuntza sistemaren etorkizuna baldintzatuko dute. Hortaz, adi egon beharra daukagu: antolatuz, izaera kritikoa geureganatuz, eraikitzaile eta iraultzaile izanez! Gure esku ere badago Hezkuntza sistema propioaren eta herri honen etorkizuna. Ikasleok gure alternatibak eraikiz lanean dihardugu eta hala jarraituko dugu. Iribas eta ingurukoek, edozein oztopo ezarrita ere, iluntasunetik argitasuna eraikiko dugu! Hezkuntza euskaldun, herritar, askatzaile eta parekide baten aldeko borrokan bidea egiten jarraituko dugu, amaigabea dirudien tunel honen bukaerara iristera goaz!
Argi dago, ikasleoi dagokigu hezkuntza eredu publiko duin baten aldeko borrokan tinko jardutea; egungo murrizketak zein etorkizunean etor daitezkeenen aurrean, beharrezkoa den erantzuna emanez!
Ikasleok gure hezkuntza eredua eraikiko dugu, murrizketa zein oztopo guztien gainetik gurean jarraituz. Ikasleok gure hezkuntza sistema propioan alde lan eginez, etorkizuna eraikiko dugu!
Arrazoi guzti hauengatik, deialdia egiten diogu ikasle orori mobilizazio hauetan:
-Urriak 22ko hezkuntza komunitateak deitutako Manifestaziora 17:30etan Antoniutitik aterako dena.
-Urriak 27ko Hezkuntza Greba orokorrean eta 11:00etan egingo den Kontzentrazioan Hezkuntza delegaritza aurrean.
Murrizketen aurrean, ikasleok borrokan tinko!!!!!
Ikasle borrokaz hezkuntza eredu propioa eraikiko dugulako!!!!!
Gora ikasle Iraultza!!!!