(ADI! Ikastetxeetan sinadurak jasoko dira kontseilura eramateko)
Aspalditik ekindako bideari jarraiki, azken urteotan Euskal Herria burujabe izateko hautua eta gure nazio identitatea desegiteko estrategia hazi egin da. Honen erakusle da euskal nortasuna biltzen eta irduditzen dituzten indarren zatiketa ahaleginak. Baina baita frantses nahiz espainiar ikuspegia eta nortasuna txertazea helburu duten sinbolo eta neurri ezberdinen biderkatzea ere. Pauso horien artean kokatu genezake hezkuntzako administrazio ezberdinetatik eratorritako plan eta erabakiak, TIL eredua, Eukal Herria terminoaren ezabaketa testuliburuetatik, gure herriko historiaren ezabaketa eta historia espainol eta frantsesaren gailentzea...eta maila berean kokatu behar dugu egutegi arrotzen inposaketa bera ere.
Egun Euskal Herri osoan frantziar zein espainiar egutegiak dira gure bizi erritmoa, lan eta klase egunak edo eta jai egunak markatzen dizkigutenak. Naziotasun arrotzen baitan antolatzen diren egutegiak, bi helburu nagusirekin: alde batetik, naziotasun sentimendu arrotzak errotzeko; eta bestetik, gure herriaren ukazioan urratsak emateko asmoa.
Horregatik esaten diegu ez jai egun arrotzei. Ez direlako gure jai egunak, inposaketa zuzena direlako, nortasun arrotzen inposaketa. Horregatik egiten dugu intsumusioa eta jai egun hauetan lanera/klasera joaten gara. Ez dugulako ezer ospatzerik.
Guk, gure bizi erritmo, lan/klase egun eta jai egun propioak ospatu nahi ditugu; gure historia, nortasuna eta beharrak aintzakotzat hartu eta oinarri izango dituen egutegi propioa nahi dugu, Euskal Egutegi Propioa.
Gaurko egunez egutegi propio hori eraiki eta gauzatu ezin badugu ere, argi daukagu bide honetan urratsak eman nahi baditugu indarrak batu eta elkarrekin lan egitea ezinbestekoa dela. Gure hezigunean ere egutegi propio baten aldeko aldarrikapena zabaldu eta Eskola Kontseiluraino eraman nahi dugu, bertan gure egutegi propio baten gaineko erabakiak hartu ahal izateko. Txikitasunean garaipenak eginez, handitasuna aldatzea lortuko dugu.
Indarrak bildu eta aldarrikapena geroz eta pertsona gehiagorena bilakatzeko asmoz, egutegi propioaren alde zure sinadura eskatzen dizugu.
Horrekin batera jai egun arrotzetan intsumisioa eginez, gure hezigunean burutzen diren Herri eskoletan parte hartzeko deia luzatzen dizugu, denon artean Euskal Egutegi propio bat aldarriaktu eta egikaritu dezagun.
Guztion artean lortuko dugu! Egutegi propioaren alde, ikasleok iraultza!
No hay comentarios:
Publicar un comentario