2012/06/01

M31ko greba eskubideen alde. Erreforma antisozial eta inposaketa espainolei EZ!

Ekinklik argazki galeria


Murrizketen kontrako giroak ez du behera egin Iruñeko karriketan; alderantziz, azken egunotako manifestaziorik jendetsuena izan da Nafarroako hiriburuan, funtzio publikoko langileen greba egunean.


Handiena. Iruñeko karrikak zeharkatu dituen jendetsuena, hilaren 22an hezkuntzan lehen greba eguna egin zutenetik. Halakoxea izan zen atzo Nafarroako hiriburuan eginiko manifestazioa. Irakasleek hirugarren greba eguna zuten atzokoa, eta haiekin bat egin zuten funtzio publikoko gainerako langileek. Sumatu zen karriketan. Hilaren 22ko manifestazioan 12.000tik goiti pertsona atera ziren kalera, eta atzo kopuru hori gainditu zutela zalantzarik ez zuten antolatzaileek. Autobus geltoki zaharretik abiatu zen protesta, eta Nafarroako Gobernuaren egoitzaren aurrean amaitu zen, Karlos III.a etorbidean. Manifestazioaren burua ia helmugan zegoenean atera ziren autobus geltokitik azken manifestariak. 

Parte hartzaileen kopuruak gora egin zuen, eta gora egin zuen, halaber, haien haserreak. Haserre hori agerian gelditu zen pankartetan irakurtzen ahal ziren leloetan, ibilbide osoan entzun ziren oihuetan eta sindikatuetako ordezkarien diskurtsoetan. Nafarroako Gobernuko partaideei mezu garbia helarazi nahi izan zieten manifestariek: onartutako murrizketak bertan behera utz ditzatela; edo eman dezatela dimisioa.

Manifestazioa 12:20 aldera hasi zen. Ordu horretan autobus geltoki zaharraren parean egin zuten bat, bertzeak bertze, Nafarroako Unibertsitate Publikotik ailegatutako ikasleek. Gaua campusean eman zuten, protesta gisa, itxialdian. Iruñe ondoko herrietatik ere, elkarrekin eta zutabeak osatuz, jende anitz ailegatu zen manifestazioa hasten zen tokira.

Ohi bezala, Espainiako Polizia jarri zen manifestazioaren buruan. Azken manifestazioetan bezala, halaber, helikopteroak jarraitu zien herritarren urratsei, ibilbide osoan. Nafarroako Gobernuaren egoitzaren aurrean, berriz, Foruzaingoa jarri zen eraikina babesten. Haietako batek argazkiak egin zizkien manifestariei. Foruzainen eta manifestazioko hainbat parte hartzaileren artean, hain zuzen ere, tirabirak izan ziren atzo, protestaren amaieran. Gazte talde bat Nafarroako Parlamentuaren egoitzara hurbildu zen, eta denbora tarte labur batez errepidea itxi zuen, Navas de Tolosa karrikan eserita. Ikasleak sakabanatu egin zituzten Foruzaingoak eta Espainiako Poliziak.

Aldatu, edo alde egin

Sektore publikoa borrokan. Murrizketarik ez leloa idatzia zuen pankarta batek zabaldu zuen atzoko manifestazioa. Ez zen bakarra izan, hala ere. Hezkuntzako mezuak izan ziren protagonista, batez ere. Nafarroako hamaika ikastetxetako kideek erakutsi zuten nork bere pankarta, eta manifestazioan behin baino gehiagotan eskatu zioten Hezkuntza kontseilari Jose Iribasi dimisioa emateko. Osasunaren esparruko leloek eta mezuek ere izan zuten tokirik atzoko protestan. Hezkuntzaren eta osasunaren arloko murrizketen aurkako oihuak izan ziren nagusi, kalitatezko zerbitzu publikoen alde.

Nafarroako Gobernuaren egoitzaren aurrean sindikatuetako ordezkariek hartu zuten hitza, protesta amaitzeko. Eta ibilbide osoan entzun zen mezua berretsi zuten: «Gobernuak herritarron eskubideen alde egin nahi badu, utz ditzala murrizketak bertan behera; alderdi eta erakunde guztiei exijitzen diegu herritarren aldeko politikak jar ditzatela martxan; hori egiteko prest ez badaude, alde egin dezatela», eskatu zuen LABeko Isabel Artiedak.

Biharko ere manifestaziora deitu dituzte herritarrak Iruñean. 18:00etan abiatuko da, Antoniutti parketik. «Espazio publikoak okupatzen jarraitu behar dugu», erran zuen EILAS sindikatuko Amaia Zubietak. Orain artekoaren gisako erantzun zabala espero dute sindikatuek. 

Argazki galeria hemen!































No hay comentarios:

Publicar un comentario