2012/06/26

Heteronormak irauliz, askatasunean hezi!

Ikoitz Arrese eta Maite Kintanillaren artikulua, Ikasle Abertzaleak-eko eledunak:

Ikastolako matrikulazio paperaren aurrean dago Aiert parez pare. Gu hari begira gaude eta hutsuneak, berriz, betetzeko zain. Aitaren izen abizenak laukitxo batean jarri behar dira, amarenak bestean. Amorruz boligrafoa hartu eta Aita hitza ezabatu du Aiertek. Ama jarri du alboan.

Txirrinak jo du eta berriz ere Malen urduri dago. Amantala soinetik kendu eta gelatik korrika atera da. Guztiak begira geratu zaizkio. Arnas estuka eskola sarrerara hurbildu da: “Kaixo Aita, kaixo Mikel, goazen arin etxera” esan die betiko legez. Aita bere bikotearekin eskolara bila etortzen zaion aldiro berdina esaten du, norbaitek ikus lezakeenaren lotsaz.

Ihauteriak gainean dira Yahiaren herrian. Aukeratu dute ikastetxean jantziko duten mozorroa: Pirritx eta Porrotx. Baina Yahia haserre dago. Berak Pirritx izan nahi badu ere, Porrotx izan beharko duela aditzen du behin eta berriz. Yahiak hala ere, badaki bibotedun sudurgorriaren azpiko mozorroan nor ageri den.

“Irati, nor gustatzen zaizu, Aitor ala Markel?” Irati ixilik gelditu da berriz. Aitor gustoko du, baina Leirerekin egotea izugarri gustatzen zaio eta Olatzen irribarrea ikaragarri maite du. Oier aldiz, lagun bikaina da. Lagunen galdera horiek ordea, erantzun posible bi baino ez dituzte, antza.

Ikasgai oso bat gorputzeko atal ezberdinak ikasteko, bata zein bestearen funtzioak ezagutzeko. Haur bat izateko bidea pausoz pauso memoriaz ikastera behartua. Baina orain ispilu aurrean paratu da Aratz, bere gorputzari begira. Eta ikasitakoa buruan, ez du oroitzen nola gozatu, ez daki inoiz inon norbaitek hori nola egiten den erakutsi dion. Bere gorputzaren aurrean ezezagun sentitu da.

Aztoratuta daude gaur 4. DBHko ikasleak. Oihuka eta urduri, nobedade baten aurrean egongo balira legez. “Zer gertatzen zaizue?” Galdetu du harrituta norbaitek. “Sexualitate tailerra daukate” izan da erantzuna. Nobedadea bai, ikasle guztientzat.

Milaka gazte mendiz mendi. Lehenbiziko aldiz doaz Hodei, Auritz, Eneko eta Hiart bertara. Ilusioz iritsi dira helmugara. Eta bertan lehenbizikoz baita, dutxatuko dira laurak batera. Urduri daude elkarri esaten ez badiote ere. Gunea askea omen da, baina horretarako ekin egin behar. Enekok Ioritz eta Xan ezagutu ditu hitzaldi baten ostean, gustura dago haiekin. Eta bere golkorako pentsatu du… "gaur bai, iraultza nire baitan hasten da. Eurekin ligatzen saiatuko naiz”.

Egunerokoan, heziguneetatik hasita, hamaika oztoporen adibide ditugu Aiert, Yahia, Auritz, Hiar edota Iratiren istorioak. Izen baten pean, atxikitutako izaera bat.

Txikitatik entzuten zer izan behar garen, indarrez inposatuz zer maitatu behar den… dioZapalduen Olerkiak. Egungo sistema kapitalista patriarkarrak heteronorma oinarri hartuta eredu zurrun eta hertsi bat inposatzea du helburu, bere biziraupenaren mesede. Familia eredu bat, harreman eredu jakin bat eta erreprodukzio hutsa oinarri.

Sistemak berak, boteredunen beharretara egokitu eta eliteek erabakitako rol eta normen arabera funtzionatzen du. Heteronorma da inposatzen digutena. Neska edo mutil jaio, soineko larrosa ala kamiseta urdina jantzi, obeditu, gizonezkoek gidatutako munduaren barruan egon, bertakora egokitu, edo bertatik at uzten zaituzte. Nirekin zaude ala nire kontra. Gizonezkoa, zuria, diruduna eta heterosexuala. Hori da nahi duten jendarte eredua.

Sistemak biziraun dezan beharrezkoak zaizkion balioak sortu, garatu eta definitzen ditu. Botereak erabakitzen du balio bakoitzaren mugak zeintzuk diren, eta ariketa hori da manipulazioaren gailurra. Eta beste behin ere, hezkuntza erabiltzen du horretarako tresna gisa. Balio horien garapena jaiotzen garenetik hasten den prozesua da. Jendartean ezarrita dauden arau sozialek erakutsi nahi digute gazte-gaztetatik nolakoak izan behar dugun, zer maitatu behar dugun, nolako harremanak garatu behar ditugun, zer eta nor gustatu behar zaigun … azken batean, zer den zuzena eta zer ez, eurek gu zer izatea nahi duten.

Baina hau guztia aldatzea posible da, iraultza gure baitan hasten da. Egungo harreman ereduak landuz, aztertuz eta eraldatuz, benetako askapen prozesua abiatzea lortuko dugu. Heteronormen kateak hezkuntzan ere hautsi behar ditugu. Egungo sistemak hezkuntza baliatuz inposatutako generoen baitako heziketa garatzen duela jakitun, Euskal Herriak behar duen eskola eredu askatzaile eta hezkidetzailea eraikitzen jarraitu behar dugu euskal ikasleok. Generoetatik at, ikaslea bere hezkuntza prozesuan protagonista izango duen eskola borrokatzen jarraituko dugu. Hezkidetza hezigunez hezigune landuz lortuko dugu hori.

Korridoreetan, ikasgeletan, patioan, norbera bere gorputzarekin, lagunekin, ezezagunekin, kalean, auzoetan… ekainaren 28an bezala, urteko egun guztietan, euskal ikasleok eskola eredu askatzailea borrokatuz, heteronormak irauliz, garena aske izanda, harreman ezberdinak landu, sexua gozatu eta askatasunean heziko gara.

No hay comentarios:

Publicar un comentario