Inposaketa eta eskubide urraketez hitz egin genezake. Egungo hezkuntza ereduaren agorpenaz edo berau pribatizazteko neurri ezberdinez. Pedagogia ereduaz, eduki arrotzez edo azken aldiko murrizketetaz. Ez dira eraso berriak. Hezkuntzaren garrantziaren jakitun gara, baina baita etsaia ere. Egun ikusten ari garena, bizi duguna, aspaldi ekindako bidearen urrats berriak besterik ez dira, aurpegi edo izen ezberdinekin mozorrotzen direnak. Funtsean, ordea, denek helburu berari erantzuten diote: ikasleriaren asimilazioa herri baten ezabaketa lortzeko. Aski ongi ezagutzen ditugu, eguneroko ogi ditugulako, berauen ondorioak pairatzen ditugulako.
Gaurkoan ordea ez goaz iluntasunaz hitz egitera, etsaiaren asmoak salatzera. Borrokaz idatzi nahi dugu, harrotasunez eta konpromisoaz. Udaberria heldu da eta berarekin batera haize berriak altxatu dira Euskal Herriko ikastetxeetan. Bereziki Nafarroa #m22 eta Gasteizen #hezkuntzaherriarentzat harrotu badira ere, iraultza haizeak hezigune guztietara zabaltzen ari dira. Ikasle belaunaldi berri bat jaikitzen ari da, murrizketen aurrean, eskubide urraketen gainean, sistemaren aurka edo euskaraz ikasteko debekuen kontra. Gogotsu dator, indarrez beteta. Ezer galtzekorik ez du eta etorkizun oso bat eraikitzeko eta irabazteko bai, ordea.
Haize berriek ez dute mugarik ezagutzen, ez da jaio harrapatuko dituenik. Poliziaren errepresioa ezagutzen du, bere azalean ezagutu du pasa den greba orokorrean ere #animoxuban-ek. Irakasle edo zuzendaritzen mehatxuak ere entzunak ditu aurretik. Baina ikasleria ez da kikiltzen, amore ematea zer den ez daki. Oztopo guztien gainetik marrazten diguten errealitate eta etorkizun beltz hau eraldatzeko helburua dugu; iraultza egitera gatoz!
Ikastetxean, lanbide heziketako zentroetan edo unibertsitatean, ikasleria ez dago geldi. Haizea bizia da, mugimendu etengabean ikasgela guztiak astindu eta kalera ateratzea bilatzen du. Nazkatu da ixilik egoteaz, burua makurtu edo mingainari ozka egiteaz. Sumisioa ez da bere izaeraren parte. Gazteak gara, errebeldeak, inkorformistak eta iraultzaileak. Eta horregatik hain zuzen ere sistematikoki zapalduak gara, arazorik eman ez dezagun, hautsa ez harrotzeko. Presta daitezela ordea, hezkuntzan nahiz herri honen eraldaketan ikasleria subjektu aktibo baita. Eta paper hori betetzeko konpromisoz beteta dator.
Gaur egungo ikasleak gara herri hau askatuko duen eskola berria eraikitzeko ardura daukagunak, herriaren beharretara egongo den eskola euskaldun, gorri eta morea, ikasleak libre eta burujabe heziko dituena. Horregatik jo dugu antolatzera, asanbladetan, ikasle ordezkariekin, instituzioetan edo IAko taldean. Ikasleok elkarrekin eta elkarrentzat egin behar dugu lan. Borroka lokalekin, txikitasunetik, ikasle mugimendu sendo eta indartsu bat altxatzera jo dugu. Kolektibo gisa hitza artikulatu eta oihukatzen ari gara: Greba eskubidea orain! Euskaraz ikasi, Euskal Herria ikasi! Indar polizialak, kanpora! Enpresak, ez eskerrik asko!
Eta gaur hemen aurkitzen bagara, gaurdaino emandako urrats guzti horiei esker izan da. Aurrerantzean, ikasle mugimenduaren eta krisian den mundu eta Euskal Herri eredu hau irauliko duen hezkuntza berriaren inguruan ere hausnartzea dagokigu. Azken finean, hezkuntza herri honen eraldaketaren motore bilakatzea baita ikasle eta abertzaleok herri honi egin diezaiokegun ekarpenik handiena.
Etorkizun propio baten jabe izan gaitezen gu geu gara oraina eraldatu behar dugunak. Horregatik jarraitu behar dugu borrokan, horregatik ezin dugu eten gure iraultza. Astin ditzala haize berriak Euskal Herriko ikastetxe, lanbide heziketako zentro eta unibertsiteak. Ikasgela orotan sartu eta atera ditzala kalera ikasleon aldarrikapen eta borrokak. Haize berriak dabiltzan honetan, #martxokoiraultza-k bizirik dirau. Etenik gabeko iraultza presta dezagun.
Ikoitz Arrese Otegi eta Haizea Solagurenbeaskoa Alkorta
Ikasle Abertzaleak-eko bozeramaileak
No hay comentarios:
Publicar un comentario