2012/04/01

Errotik gazte mugimendua jaio da Iruñerrian


Errotik-en oharra:

Iruñerriko Trikimailuko topaketak gazte mugimenduan ematen ari zen eztabaida prozesu baten ondorioz burutu ziren, gazteria elkartu, berpiztu eta autoantolatzeko helburuz. Bertan, gazteek ditugun interes eta arduratzen gaituzten gaien inguruan eztabaidatu ondoren, atera ziren esparru ezberdin hauen lanketarako talde ugari sortu ziren, hauen artean sozio-ekonomia lantaldea. Azken hau, nahiz eta beste lantaldeekin elkarlanean jardun, izaera propioa garatzen joan da, honen emaitza Errotik izanik.

Bertako kideen ideia politikoen aniztasuna dela eta, hilabete batzuk iraun duen eztabaida prozesu baten ondoren, amankomunean dauzkagun oinarriak finkatu ditugu: gure lanketa arlo sozioekonomikoan kokatzen denez, sistema kapitalistaren aurkako borrokaren testuinguruan kokatzen gara eta, beraz, hau sostengatzen den eta honen biziraupenerako ezinbestekoa den sistema patriarkalaren aurkako jarrera dugu.

Borroka hau bere osotasunean burutu ahal izateko hiru lan-ildo definitu ditugu, gure ekina hauetatik bideratuz:

  • Borroka ideologikoa: Boterearen hegemonia ideologiko eta propagandistikoa deuseztu nahian ezinbestekoa dugu sistemaren printzipio eta baloreen azaleratzea hauen sakoneko eraldaketarako. Barne eta kanpo formakuntza, kontzientziazio kanpainak, politizazioa, diskurtso propioak helaraztea,…sar genitzake borroka esparru honetan, eztabaida irekien, irakurketa kolektiboen, hitzaldien, ideien propagandaren etab,rren bitartez. Ezinbesteko tresna: Eztabaida.
  • Borroka ofentsiboa: Sistema honen erantzuletzat jotzen dugun ororen ikusgai egite eta salaketa. Jazarpen egoerararekiko erantzuna, autodefentsa. Tresna nabarmena: Ekintza zuzena.
  • Alternatibak eraikiz: Sistema honen aurkako alternatiba errealak eraiki, garatu eta gainontzeko jendarteari helarazi. Kontraboterearen sorkuntza, bizimoldeen eraldaketa, auzolana,…etorkizuneko (eta oraingo) gure gizarte proiektua gauzatuaraziz. Nabarmentzeko tresna: Autogestioa.

Gaztez osaturiko taldea gara, jendarteko beste sektore ezberdinek bezala, gazte garen einean dauzkagun behar eta arazo zehatzei erantzuteko borroka esparru propioak beharrezkotzat ikusten ditugularik. Gainera gainontzeko herri mugimenduen eta gazteon arteko harremanak landu eta sakontzea garrantzizkoa deritzogu, horretarako lotura tresnak garatuz.

Antolakuntza forma horizontalaren eta autonomiaren aldeko garenez, autoorganizazioa eta asanblearismoa dira gure antolakuntza ereduaren oinarri, harreman askeak eraikitze bidean. Gehitu talde irekia garela edonork parte hartu nahi ezkero.

Eredu sozioekonomiko neoliberal-patriarkalak jendartearen eta lurrarengan dakartzan ondorio latzak direla, eta egungo krisi egoerak sistemaren kontraesanak agerian uzten dituaelarik, hil ala bizikoa deritzogu gazteok, gure aniztasunean, gizarte eraldaketarako helburu amankomunen baitan elkartzea, sistema esklabista eta zapaltzaile honen errora jo eta ERROTIK iraultzeko. Hemen gure izenaren jatorria.

No hay comentarios:

Publicar un comentario