2012/04/16

Ikasleak pilatzea eta irakasleek lan ordu gehio izatea nahi du Wertek

Berria egunkaritik hartutako albistea




Hezkuntzako murrizketen berri eman die Espainiako Gobernuak erkidegoetako kontseilariei. Ikusteko dago neurriek zein eragin izango duten Hegoaldean: Zelaak jada esan du neurri batzuek Jaurlaritzaren eskumenak urra ditzaketela; Nafarroako Gobernua isilik dago oraingoz.

Ikastetxeetan zein murrizketa egin behar diren adierazi die Espainiako Gobernuak autonomia erkidegoei: geletan %20 ikasle gehiago pilatzearen alde egin du, eta irakasleei eskola ordu gehiago jartzearen alde ere bai. Ordezkapenetan ere murrizketak iragarri ditu: gaixoaldietan, lehen hamar egunetan ez da ordezkorik izango, eta eskolan dauden maisu-maistren artean moldatu beharko dute. Kalitatean ez dute eraginik izango neurriek, Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministroaren arabera. Espainia "larrialdi egoeran" dagoela nabarmendu du.

Ikusteko dago neurriek zein eragin izango duten Hego Euskal Herrian. Bileran izan dira Isabel Zelaa Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua eta Jose Iribas Nafarroako Gobernukoa. Zelaak txartzat jo ditu iragarpenak: "Gastua murrizteko neurriak dira, defizit publikoa gutxitzea helburu dutenak". Haietako batzuek Jaurlaritzaren eskumenak urratzen ote dituzten aztertuko dutela iragarri du Zelaak. Iribasek ez du ezer esan oraingoz. Wertek azaldu du bete beharrekoak direla neurriak, baina ez du argitu ez betetzekotan zer gertatuko litzatekeen. Gaineratu du "malguak" direla neurriak, erkidego bakoitzaren defizitaren araberakoak.
Honako hauek dira Espainiako Gobernuak proposatutako murrizketa neurriak:

1. Ikasleen kopurua. Ikasgeletan estudiante gehiago jarriko dituzte, orain baino %20 gehiago. LOE Espainiako Hezkuntzako Lege Organikoak aurreikusitako ikasleen kopuruarekiko egin dute kalkulua: Lehen Hezkuntzan 30 ikasle pilatu ahalko dituzte talde berean, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, 36. EAEn gehienezko kopuru bera dago indarrean LHn eta DBHn (25 ikasle), eta, %20 handituta, 30 egon ahalko dira gehienez. Neurri horrekin, talde gutxiago izango dira eskoletan, eta irakasle gutxiago beharko dira.

2. Irakasleen eskola orduak. Nafarroan aurtengo ikasturtean egindakoa handitu nahi du Espainiako Gobernuak:  eskola ordu gehiago jarri irakasleei, hartara maisu-maistra gutxiagorekin eskolak eman ahal izateko. Lehen Hezkuntzan 25 eskola ordu izango dituzte irakasleek, eta DBHn, 20. Eskolak prestatzeko, aniztasun programetarako eta era horretako lanetarako denbora gutxiago izango dute irakasleek.

3. Ordezkapenak. Gaixoaldiaren lehen hamar egunetan ordezkapenik ez egitea jarri du mahai gainean Madrilek. Egun horietan, eskolan dauden maisu-maistren artean moldatu beharko dute. Gaur egun, hiru egunen ostean egin behar dira, teorian.

4. Lanbide Heziketako moduluak. 2.000 orduko moduluak ez dituzte abian jarriko Lanbide Heziketan. 2013-14ko ikasturtera arte atzeratu dituzte, baina Wertek adierazi du litekeena dela ordurako erreformak eginda egotea (Lanbide Heziketa aldatzeko asmoa du ministerioak).

5. Osagarriak. Irakasleen lan osagarri eta bestelako lansari berriak sortzea debekatu egin du Espainiako Gobernuak.

6. Batxilergoa. Modalitate bat baino gehiago eskaintzeko derrigortasuna kenduko diete institutuei. Bat siolik eskaini ahalko dute,.

No hay comentarios:

Publicar un comentario