2013/03/07

Martxoaren 12an Ikasle Greba Gasteizen



Greba deialdia:

Momentu txarrak datozela esaten digute, krisian gaudela, eta ehunka hitz tekniko erabiltzen dituzte gu mareatzeko: “hay que cumplir con el objetivo de deficit”, “la prima de riesgo se mantiene en 6 puntos basicos”, “hay que españolizar a los alumnos catalanes”…

Beno, euretako hainbat behintzat nahiko argiak dira dituzten helburuekin.

Krisi garaitan aberatsak beti dira aberatsagoak, eta gainontzekoak pobreago. Krisi garaitan, eta orain ikus daiteke, gizarte honen erroan dauden desberdintasunak, injustiziak eta zapalkuntzak agerira ateratzen dira, eta joku zikin guztiak ikusten dira.

Guk, ikasleok, zapalkuntza horiek gure inguruan bizi ditugu, oso presente ditugu, eurei izenak jartzea eta loturak ulertzea hain erraza ez den arren. Ez gara bizitzeko beharrezkoak ditugun baliabideen jabe, eta horregatik beste batzuentzako egin behar dugu lan. Lanen bat lortzeko gaur egungo hezkuntzarekin ados ez egon arren, hau onartu eta ikasketetan esfortzatu behar gara. Eta hezkuntza, lehen ezagutzak izateko, mundua ulertzeko eta hau kritikoki aztertzeko balio ahal zuen tresna indartsua, lana lortzera dago bideratua, gero eta gehiago. Eta ez edozein lan. Merkatu kapitalistak beharrezkoa duen lana da baloratzen den bakarra, euren hitzetan “beharrezkoak ez diren” karrerak eta irakasgaiak ezabatzeraino.

Klaseen arteko desberdintasunak gero eta handiagoak dira, eta horrek zapalkuntza gero eta larriagoa bihurtzen du. Eta hezkuntzak mailaketa guzti hori justifikatzen du, egiten duzun bidearen arabera lortzen omen baita maila altuago edo baxuagoa. Eta okerrena da egoera hau larriagotu baino nahi ez dutela: euren poltsikoetan gero eta aberastasun handiagoa nahi duten enpresari eta burges horiek, benetan gobernatzen gaituzten horiek zekulako murrizketak eta erreformak egitera doaz.

Baina ez murrizketak soilik. Orain arte ezagututako hezkuntza, osasun eta laguntza publikoak guztiz ezabatzera doaz, eta horiek guztiak pribatizatzera, merkatuaren mesedetara jartzera. Hortara doaz Martxoaren 12an aurkeztuko dituzten presupuestoak, horretara doa osasunaren pribatizazioa (copagoa, hospitale publikoak enpresa pribatuek gestionatzea), horretara doa Bologna eta EU2015 unibertsitateetan eta horretara doa ere bereziki Wert-en erreforma: LOMCE.

Eta ezin dugulako onartu klaseetan banatutako sistema kapitalista, ezin dugulako onartu botere harremanetan eta genero zapalkuntzan oinarritutako patriarkatua, eta ezin dugulako onartu gure herria hiltzera kondenatu nahi duen zapalkuntza; abisua ematen dizuegu.

Zuei, gobernuan zauden trajedunoi abisua ematen dizuegu:
  • Bai ikasleon, zein herritarron zapalkuntza areagotzen duen inolako erabakirik hartzen baduzue,
  • Gure etorkizuna eta oraina baldintzatuko duen edonolako erreforma, murrizketa edo inposiziorik aplikatzen baduzue,
Aurrean izango gaituzue, lehen lerroan. Eta ez gara soilik protestatzera aterako, ez diegu soilik zuen inposizioei erantzungo, ez zaituztegu soilik kritikatuko. Zuen inolako baimenik gabe, gure alternatiba propioa eraiki eta praktikara eramango dugu, gu guztiok elkartu eta kaleak hartuko ditugu, ikastetxe eta edifizioak okupatu, eta guk nahi dugun hezkuntza praktikara eramango dugu, probatu, eztabaidatu eta garaitu.

Ez gaituzue engainatzen LOMCE bezalako erreforma frankista batekin gure etorkizuna hobetuko dela esaten duzuenean, ez gaituzue engainatzen murrizketak ezinbestekoak direla esaten duzuenean, ez gaituzue engainatzen gaur egungo hezkuntza eta gizartea posible den mundu bakarra dela esaten duzuenean.

Iada ez gaituzte izutzen zuen erabakiek, zuen mehatxuek, zuen gezurrek; aspaldi utzi geniolako sinesteari.

Eta ikasle eta gazteok aspaldi utzi genion beldurra izateari.

Martxoak 12an aurrean izango gaituzue, abisu sendoa ematen, langileekin batera, herriarekin batera. Eta abisuari kasurik egiten ez badiozue espero ezazue okerrena, mundu berri bat sortzera joango garelako, eta sistema honekin amaituko duen iraultza egingo dugulako.

Abisatuak zaudete.

GORA IKASLEON IRAULTZA!

No hay comentarios:

Publicar un comentario