2013/02/05

Gasteizko Ikasle Altxa mugimendu berriaren aurkezpena




Atzo, Otsailak 1 ostiralean, 400 ikasletik gora bildu ginen Gasteizko Gaztetxean Gasteizko Ikasle Mugimendu berriaren sorrera burutzeko.

Goizeko hamarretan hasi ziren ikastetxe urrunenetako ikasleak klasetik ateratzen; Ikasbidean eta Koldo Mitxelena batxilergoko ikastetxeetan. Horiei ordu erdi beranduago Koldo Mitxelena DBH, Mendebaldeako ikastetxe osoa, Nieves Cano, Arkauteko LH, Unamunoko DBH eta Ekialdeko DBH batu zitzaizkien eta gehienak 11:30ak aldera Gaztetxean zeuden egingo zenaren azalpen azkar baten ostean printzipioz 15 ikasleoak izango ziren (eta azkenean 30ekoak izaten amaitu zuten) taldetan banatzeko. Esan beharra dago Ekialdea DBH eta Ikasbidea DBHn ez dagoela greba eskubiderik beraz, ikastetxe horietako ikasle askok eta askok elkarrekin klasetik atera eta sorrerara joatea erabaki zutela. Hori dela eta apur bat beranduago heldu ziren eta oso zaila izan genuen denon artean tokia, aulkiak, ... aurkitzeko eurak ere kabitzeko.

Behin Gaztetxean zehar banatuta egonda eztabaida hasi zen. Elkar ezagutzeko izen ronda batzuen ondoren, gaur egungo hezkuntzaren inguruan hasi zen eztabaida, honen inguruan dugun ikuspegia bateratzeko asmoz. Azpimarra liratezke bereziki errepikatu izanagatik hezkuntza honetan ikasleok dugun paper pasiboa eta eukien jasotzailea, hezkuntza osoa azterketetarako eta merkatuari begira antolatuta egotea, ikasleok ikasten duguna gure herriko errealitatetik eta beharretatik oso urrun egotea, eta gure ikasleon iritzia kontuan ez hartzea, autoritate guztia irakasle, zuzendari eta geroz eta gehiago gobernuari emanez, beste ideia asko eta askoren artean.

Ondoren nahiko genukeen hezkuntzaren inguruko ideiak partekatu genituen, ikasleok eraikitakoa, askeagoa, partehartzaileagoa, herriaren interesei egokitua merkatua...ren gainetik, askatzailea, euskalduna, feminista... Hori guztia oinarri bezala hartu genuen ondoren mugimenduaren helburu nagusiak finkatzeko, eta ideia zaparrada handia egon zen. Hitz egindako guztia ondoren dokumentu batean publikatzeko asmoa dugunez, ez dugu gehiegi sakonduko baina azpimarratuko genuke bereziki mugimendu honen helburua nahi dugun hezkuntza guk geuk -ikasleok- praktikara eramatea izatea asko errepikatu zen ideia bat izan zela. Izan ere, ondorio horretara heldu ziren taldeetan bereziki argudiatu zen bai irakasle, guraso, gizartea, Euskal Herra...en aurrean elkarrekin iraultza eginez lortu dezakegunaren eredu bat sortzea izan behar zela mugimendu honen ondorioetako bat.

Helburuen ostean ekintzen inguruan hausnartu genuen, eta bereziki azpimarratu zen tradizionalki ikasle mugimenduak (besteak beste) erabilitakoaldarrikapen, presio eta erantzunerako ekintzez gain (manifestazioak, piketeak, eserialdiak, kontzentrak, sinadura bilketak...)ezinbestekoa zela eredu bat sortu nahi badugu egiten ditugun ekintzak nahi dugun hezkuntza praktikara eramateko erabiltzea. Besteak beste aipatu ziren momentu edo egun konkretuetan klasera ez joatea guk antolatutako klaseak egiteko, arauei desobeditzea taldean, klasean bertan egiten dena aldatzea, gure arteko ikasle sareak sortzea adibidez apunte, lan... guztiak interneten eta zuzenean trukatzeko, klaserako egiten ditugun lanak modu kritikoan egin eta ikasleriarekin konpartitzea (eta ez bakarrik irakasleari eman zuzentzeko) eta askoz gehiago.

Hala ere. azpimarratu behar dugu askotan aipatu eta errepikatu zela guzti hau burutzeko ikastetxeen arteko mugimendu progresibo eta oso antolatu bat sortu behar zela hau guztia egin ahal izateko baldintzak sortzeko, eta besteak beste Gasteiz oso osora heldu behar dela. Iraultzaren hasiera ikasleon altxamendu honetan ikusi zuten hainbatek, eta orokorrean ilusioa eta inoiz ez egindakoa egiteko gogoa errepikatu ziren behin eta berriro sortutako 17 eztabaida taldeetan zehar.

Antolatzeko moduaren inguruan eztabaidatu ondoren eta mugimendu honetatik pertsonalki espero duguna konpartitu ondoren bertan bildutako 400tik gora ikasleok talde guztien ideiak jaso genituen azkar batean, helburuei eta ekintzei zegokienean, eta amaitzeko eskuak elkarri eskuetako pinturaz margotu eta oihuka, saltoka eta eskuak altxatu eta zabalik izanda, goitik argazki hau atera genuen.

Horrela jaio da Gasteizko Ikasle Mugimendu berri hau, sortu bidean erabilitako leloak dioen bezala IKASLEOK JAIOKO DEN EGUN BERRIAgarela ziur gaudenon eta iraultza egiteko asmo guztiak ditugun ikasle norbanako, talde, asanblada eta eragileen mugimendu hau.

Otsailean zehar hainbat sorpresa izango dituzue, eta web orrian formakuntza zein eztabaidarako publikazioekin hasteko asmoa dugun "ikAsi makUsi" taldetxoaren bidez (eta zuek denok bidalitako dokumentu, bideo, galdera, zuen hausnarketa... ere publikatuz noski!). Eta bereziki otsaila eta martxotik aurrera hasiko da mugimendu honen lehen eztanda handia.

Beraz, informazio gehiago edo dena delakoa jaso nahi izanez gero guri berriemaile@gmail.com helbidera idazteko gonbitea egin nahi dizuegu, eta bereziki ikaslealtxa.info web guneari adi egoteko. Bihar bertan publikatuko dugu ateratako bideo eta irudiekin osatutako bideoa, eta hemendik aurrera gauza gehiago eta gehiago aurkituko dituzue.

Beraz animo ikasle eta gazteok eta goazen, elkarrekin lortuko baitugu!!






JO TA KE!!!

No hay comentarios:

Publicar un comentario