2011/04/13

Matxinsalto eguna Soraluzen!



Oharra: 
Milurte berriko lehen hamarraldian gazteriak aldaketa bortitzak bizi izan ditu. Neoliberalismoaren ofentsiba basatiak buldozerrak lurra bezala bultzatu gaitu alfonbra urdinean barrena. Merkatuaren hatz erakusleak gazteok markatu gaitu. Kontsumorako gailu zoragarriak begi bistaratuz, gure burmuinak seduzitu dituzte, guk nahi genuena, guk behar genuena hori zela sinestarazi nahian. Hori izan da saldu diguten askatasuna: marka hau ala bestea, iraungitze data duen zoriontasun dosiarekin, “por que yo lo valgo”. Indibidualismoan eta ghetto izaeran sakonduz gazteok kaleko bizitzatik atera eta asteburuak merkatal zentro erraldoietan sartuta pasatzeko gonbitea onartu dugu ia pijama eta zapatilak ere eramateraino gure poltsikoan. Kaletik atera eta taberna edo lokaletan sartzeko gonbida onartu dugu hori baita askatasuna: helduek zer egiten dugun ikusi gabe nahi duguna egitea. Kaletik atera eta pantaila eraiki digute parean sare birtualak osatzeko gonbita onartuz. Eta deitu, zenbatu, gehitu.

Guzti honek aldaketa nabarmenak eragin ditu gazteon artean. Gazte problematikaren topografia konplexua paper txuri garbi bilakatu nahi izan dute, gazteon kontzientzia kolektiboa borragomarekin ezabatuz, gure berezko izaera errebelde, kritiko eta inkonformista bideojokoetako jokoetara mugatuz. Game over? Ez.
Iaz Zestoan gazte mugimenduak burutu genituen topaketetan argi geratu zen gazteok oraindik baditugula ametsak eta egungo status quoa aldatzeko gogoa. Lehen aipatutako aldaketa guzti horiek arriskuekin batera aukerak ere ekarri baitituzte. Elkarlanean jardunda egungo sistema kapitalista patriarkala iraultzeko gai garela ikusi genuen.
Azken hilabeteetan, ostera, gazteriak herriz herri diagnostikoak burutu ditu gazteon kezka eta beharrizanak identifikatzeko asmoz.
Sistema kapitalista patriarkarra bestelako aurpegia erakusten saiatu arren, argi daukagu hau ez dela guk nahi dugun bizi eredua eta herri eredua. Gazteok bizi ditugun arazoak berriz ere mahai gainean jarri eta kolektibo gisa erantzun nahi diegu hauei. Gazteok beti joan izan gara bi pauso aurretik, guztia zalantzan jarriz eta gure alternatibak planteatuz. “Bizitza… baina nola bizi?” Egunerokoan ditugun kontraesanez jabetu eta hauek gainditzen saiatu behar gara, norbanakoak hartutako jarrerak kolektibo osoari eraginez. “Borroka nire baitan hasten da, aska ditzagun geure buruak!” Hala zioen Negu Gorriak taldeak. Horra hor erronka.
Kolpeka kolpeka apurtzen da izotza eta gu mailua hartzeko prest gaude, ez pitzatzeko bakarrik, baita eraikitzeko ere.
Apirilaren 22an gure matxinadarako ditugun tresnak ikusi eta esperientziak trukatzeko asmoz gazte mugimenduak Matxinsalto eguna antolatu du. Praktikara begira eremuz eremu iraultzarako ditugun tresnak ikusi ahal izango ditugu: kultura, komunikazioa, aisialdia, hezkuntza, sozioekonomia, nekazaritza eta, harreman ereduak eta sexualitatea.
Gure ordua heldu da, txo! Iraultza gure baitan hasten da! Egin ezazu behar duzuna!

No hay comentarios:

Publicar un comentario