"Gazte1+ez! eguna" prestatzen ari dira Iruñerriko gazte auzipetu ezberdinak,“datozkigun epaiketa eta prozesamenduei aurre egiteko, baina aldi berean, gazteria mugituaren bizitasun eta dinamika agerrarazteko”. Hitzordua Burlatan izanen da apirilaren 30ean. “Elkarrekin erakutsi dezagun atxiloketa, prozesamendu zein epaiketak etorriko badira ere, lanean segituko dugula”, adierazi dute gazteek.
Hau da egunerako prestatu duten egitaraua:
14.00 Trikipoteoa
14.30 Bertso BAZKARIA
17.30 "Lib Dub" grabaketa: Etorri eta parte hartu!!!
19.00 MANIFESTAZIOA Askas plazatik.
“Azken urteetako gazteon kontrako errepresioa ez da makala izan”, esan dute. “Bereziki 2007ko urtarrilean Auzitegi Gorenak Jarrai-Haika-Segi gazte antolakundeak terrorista izendatu zituenez geroztik 214 gazte izan dira atxilotuak eta 132 espetxeratuak Euskal Herri osoan, intoxikazio mediatiko izugarriez lagunduta joan diren operazioeran”.
Guzti honek Iruñerrian izandako eragina itzela da.“2007tik hona, 79 gazte izan baikara atxilotuak; Hoietatik 46 torturatuak eta 51 espetxeratuak. 114 gazte gara Iruñerrian auzi ezberdinetan prozesatuak. Hamarnaka, jo puntuan jartzen dituen zerrenda beltzen parte gara edota astero zein hamabostean behin siñatzera joan behar dugunok”.
Gainera, ez zaie kasualitatea iruditzen Euskal Herrian emandako gazteen kontrako jazarpena. “Non eta, historikoki aktiboa izan den euskal gazte mugimenduan; Noiz eta, sistema kapitalista minduta dagoenean eta Euskal Herrian aldaketa politiko integralerako jauzia herriak egin duenean”.
Alta, ez daudela honetarako prest esan dute, ezta haien jarduera politikoa isiltzeko prest. “Guk, herri hau aldatu nahi dugu. Utopikoak izanen gara agian, baina eskubide osoa dugu mundua ezberdin amesteko, aldarrikatzeko edota eraikitzeko”, gaineratu dute.
Iruñerriko gazteen aurkako errepresioaren inguruko dossierra
No hay comentarios:
Publicar un comentario