2011/12/15

"Vascuencere Legeak" ez dezala 26 urte bete!

25 urte. Geroa ilundu nahian, elkarrengandik urruntzen, kentzen, lapurtzen…

25 urte igaro dira Nafarroan “Ley del Vascuence” delako legea indarrean ipini zutenetik. Euskaldunon hizkuntza eskubideak zatikatzen dituen legeaz mintzo gara, egunez egun zanpatzen gaituen legeaz. Nafar gobernuaren hizkuntza politika menderatzailearen lekuko den lege horretaz. Nafarroa Garaia 3 eremutan zatikatzera kondenatu gaituen inposaketa da honen ondorio zuzena.

Huts hutsean, zatiketa administratiboan sakontzera eramaten gaitu, indarrez inposatu diguten bide honek. Nafar lurraldean errealitate ezberdinak sortzea ekarri du honek eta gainontzeko Euskal Herritik bereiztea.

Horri jarraiki, euskaraz bizitzea, gozatzea… pribilegio gisa kokatzea dakar zonalde jakinetan; besteetan oztopoz beteriko erabakia izanik. Euskaldunon hizkuntza eskubidea bera ere, noiz eta non nolakoa den ezartzen saiatzen dira istorio guzti honekin, beste behin ere. Aitzakiak baino ez dituzte behar, gure izaera distortsionatzeko bidean pausoak emateko.

Arloz arlo zabaltzen da lege honen itzala. Hezkuntzari erreparatzea baino ez dago hortaz jabetzen hasteko. Eremu ezberdinen sorrerak, euskaraz ikasteko eskubidean ere sailkapenak bideratzea dakar. Hezigune bakoitzaren kokapenak eskubide batzuen jabe zarela edo ez determinatzea nahi dute.

Hala, zonalde mixtoan eta erdaldunean, hizkuntza eskubidearen baitan murrizketa sakonak bizi ditugu. Dena dela, ez da askoz hobea zonalde euskaldunez izenpetzen duten horretan bizi dugun egoera. Gaur egungo hezkuntza sistemak ez gaitu behar bezala euskalduntzen, ez zona erdaldunean, ez zona euskaldunean eta ezta Euskal Herriko gainontzeko herrialdeetan ere.

Eskubideen murrizketak aipatzearekin batera, ezin ahantz dezakegu egun krisia aitzakia hartuta agintarien guraizeek hartu duten martxa. Murrizketak arloz arlo. Murrizketak hezkuntzan parez pare. Eta kontuan hartzen badugu, estatu espainolaren estrategia espainolista eta zatikatzailea argi dago, euskaraz bermatzen den hezkuntza ildoan emango direla murrizketarik bortitzenak.

Honen guztiaren aurrean, Ikasle eta Abertzaleok gogor salatzen dugu urtez urte indarrean mantentzen jarraitzen duten “Ley del Vascuencearen” inposaketa. Eta beste behin ere, Euskal Herriaren luze eta zabalean indarrean dauden eta herritarron euskalduntzea bermatzen ez duten hizkuntza politika hauei ezezko biribila adierazten diegu!

Guk, euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatuko dituen hizkuntza politikak behar ditugu. Euskaldunok eskuz esku erabakitako hizkuntza politika burujabea aldarrikatzen dugu. Euskaldunok euskaraz bizi eta ikasteko eskubidearen bermea behar dugu Euskal Herri osoan zehar!

Eskuz esku, pausoz pauso, gure esku dago aurrera egin eta Nafarroa euskaldun baten ametsa egi bihurtzeko lan egitea. Hizkuntza eskubidearen alde, ikasleok iraultza!

No hay comentarios:

Publicar un comentario