2011/12/17

Itxialdian dabiltza iada Mañeruko eskolan "Ley del vascuenceren" aurka


TOPATUtik hartutako albistea

Sortzen-Ikasbatuaz-en oharra:

Arestian Hegoalde ikastolako gurasoek azaldu duten bezala, auzoa bizirik mantentzeko ezinbestekoa da eskola euskaldun bat edukitzea, eta horixe berbera ari gara orain hemen aldarrikatzen: eskola bizirik, herriak bizirik. Arrosadian lortu zuten, eta hemen ere lortuko dugu.

Ez gaude prest landa eremuko eskola gehiago ixten ikusteko Vascuencearen lege murriztailearen interpretazio are murritzaileago batengatik, eta argi eta ozen esan nahi dugu, Mañeru, Zirauki eta beste horrenbeste lekuetan euskararaz bizitzeko eskubidea dugula, herri eta auzo guztietan alegia.

Horregatik guztiagatik, euskal jendarteari deia luzatu nahi diegu euskaraz bizitzeko eskubidearen aldarrikapena azken txokora arte eramateko eta Mañerura gerturatzeko euren elkartasuna adieraztera, behin betikoz euskarari dagokion status juridiko egokia denon artean lor dezagun.

Mañeruko herritarrak egunez egun gure hizkuntza eskubideen urraketaren begirale gara. Vascuenceren legea indarrean dagoenetik ezin dugu gure herrian euskaraz ikasi ez bizi. Horrela gure herriko umeak egunero kotxean sartu eta Garesera mugitzen ditugu euskarazko irakaskuntza jaso ahal izateko. Horixe izan da gure herriko eskola ixtearen arrazoia, euskarazko eskaintzarik ez bermatzea. Mañeruko herritarrak ez gara bigarren mailako nafarrak eta gure herriko hizkuntzan ikasteko eskubidea dugu. Hori da gaur aldarrikatu nahi duguna. Gure herrian ikasi nahi dugu eta euskaraz gainera. Eskolak bizirik nahi ditugulako, herria bizirik nahi ditugulako. Hegoalde udal ikastola okupatu zutenean horixe bera aldarrikatu zuten eta euskarazko irakaskuntza lortu ere. Guk, Mañeruko herritarrak lekukoa hartu eta euskarazko irakaskuntza gure herrian bermatzea dugu helburu eta bide horretan aldarrikapena zabaldu eta ekimen ezberdinak aurrera ateratzeko borondate irmoa dugu. Gaur Mañeruko eskolan sartuko gara, bere garaian Hegoalde ikastolan sartu ziren bezala, eta ekimen sinboliko honen bidez gure herrian euskaraz ikasteko eskubidea errealitate bat izan arte lanean jarraituko dugula zabaldu nahi dugu lau haizetara.

Euskaraz bizitzeko eta ikasteko eskubidea, Eskolak bizirik herriak bizirik!

Info+:  topatu.info

No hay comentarios:

Publicar un comentario