2012/12/09

Gazte Danbada, antolakunde berriaren erditze jaialdia!




Martxoaren 29, 30, 31 eta apirilaren 1ean ospatuko den jaialdia aurkeztu dute Zukgua prozesuko zenbait gaztek. Gazteek gazteentzat egindako ekimena eta auzolanean oinarritua. Gazte antolakunde berriaren jaiotza ospatuko da bertan.




Goizean azaldu dituzte jaialdiaren nondik norakoak komunikabideen aurrean. Bilboko Lasai kulturgunean zehaztua genuen hitzordua eta gosari eder batekin egin digute harrera bertan bildutakooi. Zuku eta pasten inguruan bilduta, Gazte Danbada zer den azalduz ekin diote Zukgua prozesuan parte hartzen ari diren hainbat gaztek. Izan ere, zukgua prozesuak mugarri duen gazte antolakunde independentista eta sozialistaren erditzea ospatzeko jaildia izango da Gazte Danbada.

Gaurkoan, ekimeneko abestia eta bideoklipa aurkeztu dituzte. Gazte Danbada deituriko kantuak gerri andana mugituko du hurrengo hilabeteetan, hain zuzen, Iheskidek (Elorrio) Nerea Sanchezen kolaborazioarekin egindakoak. Horrez gain, sorkuntzak presentzia nabarmena izango duela jakinarazi dute, hitzaldi nahiz tailer edota kontzertuekin batera. Azaldu dutenez, hurrengo asteetan, gutxika joango dira egitarauaren berri ematen web orriaren bitartez, eta urtarrilaren erdialdera emango dute osoki argitzera.

Zehaztu dutenez, auzolanean eginiko jaialdia izango da osoki, eta bertan bilduko diren gazte guztiek osatuko dutena: “Guztion parte hartzeaz emango diogu izaera Gazte Danbadari”.

Arratsaldean, berriz, kalean aurkeztu dute ekimena, eta oraingo honetan aukeratu duten plaza Durangokoa izan da. Goienkaleko kaleak kolorez eta oihuz bete dituzte musikarien artetik saltoka eta dantzaka ibili diren gazteek. Azkenik, bertsolari arabarrek balkoitik balkoira botatako koplek girotu dute aurkezpena, eta deialdia luzatu dute. Azpian duzue ikusgai bertan aurkeztu den bideoklipa.

No hay comentarios:

Publicar un comentario