2013/09/26

Urriaren 5ean Desobedientzia martxa Iruñean!!!


Bi gazte barañaindarren aurkako sei urteko espetxe zigorra "bidegabea" delako, "diferentzia politikoak gaindituz" pertsona desobediente guztiei deitu diete manifestazioan parte hartzera.


"Agian ez dugu Luis [Goñi] eta Xaporen [Xabier Sagardoi] atxiloketa saihestea lortuko, baina haiek eraman nahi badituzte geure buruaren gainetik pasa beharko dutela argi esan nahi dugu”. Julio Villanueva Mugitu-AHT Desobeditu mugimenduko kideak, Iruñerriko beste gizarte mugimenduen izenean, urriaren 5ean Iruñean 12:00etan egingo den manifestaziora deitu du gaur, Gazteluko Plazan egin den prentsaurrekoan. Desobedientziaz libre bizi lelopean egingo da mobilizazioa, eta pertsona intsumiso eta desobediente guztiak deitu dituzte parte hartzera. “Gure diferentzia politikoak gaindituz esan nahi dugu ziur gaudela gizartearen zati handi bat Xapo eta Luisekin dagoela”.

Villanuevak eta Begoña Zabala Emakume Internazionalistak elkarteko kideak Luis Goñiren eta Xabier Sagardoiren errugabetasuna aldarrikatu dute. “Ez dira terroristak, euren inguruarekin konprometitutako pertsonak eta militante independentistak dira”. Gogora ekarri dute haien aurkako sei urteko zigorra bera ez ezik prozesu judizial osoa izan dela bidegabea. Hasieran bederatzi pertsonaren aurka jaso zuten, eta azkenean seina urteko zigorra ezarri diete bi gazteei, baina tartean inkomunikazio aldiko torturak, behin-behineko espetxealdia eta prozesu osoak eragindako presioa jasan behar izan dute. “Eta hori guztia erakunde politikoetan aktiboki parte hartzeagatik”.

Prentsaurrekoan aldarrikatu dute “desobedientzia egitea zilegia” dela, eta historian askatasunetan eta eskubideetan urratsak egin dituzten mugimendu guztiek garaiko eta tokiko lege bidegabeak urratu behar izan dituztela: hala 1776ko Estatu Batuetako kolonoek nola 1789ko Frantziako iraultzaileek; hala AEBetako afroamerikarren eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimenduek nola Hego Afrikako aparthaidaren aurkako borrokalariek; hala Edward Snowdenek nola Egiptoko Tahrir plazako manifestariek, baita Madrilen 2011ko maiatzaren 15ean hauteskunde batzordeari muzin eginez Puerta del Sol plazan bildu zirenek ere.

“Horiek guztiek legea urratu dute. Eta, horrela, pertsona guztiei dagozkigun eskubideetan urratsak egin zituzten. Legea urratu justizia egiteko”, azaldu dute Villanuevak zein Zabalak. Prentsaurrekoan 50 pertsona inguruk eman diote babesa deialdiari.

Pasaden ostiraleko giza katea

Ezkutuan dauden Xabier Sagardoi eta Luis Goñi gazteei elkartasuna adierazteko, 1.500 metroko giza kate jendetsua osatu dute Barañainen. Epaiketa eta zigor politikoekin bukatzeko, herri harresia sendotu eta konpromisoak hartzeko beharra nabarmendu dute bertan. Jende katearen argazkiak ikusteko HEMEN klikatu

Giza katearen eta prentsaurrekoaren bideoak

Urriaren 5eko manifestazioa Golem zinema aretoetatik abiatuko da, eta Iruñeko kaleak jendez, musikaz eta alaitasunez bete nahi diztuzte.

No hay comentarios:

Publicar un comentario