2013/01/22

Hamahiru ikasle epaituko dituzte asteazkenean, Bolognaren aurka protesta egiteagatik


Protestak Leioan (2008)

Epaiketa iragan irailaren 26an zen egitekoa, baina, greba orokorra medio, atzeratu egin zen urtarrilaren 23ra. Lau hilabeteko espetxe zigorra eskatu dute ikasle bakoitzarentzat, 2008an, EHUren Leioako Campusean, Bolognaren aplikazioa onartzekoa zen klaustroa era baketsuan etetearren. Ikasle Abertzaleak-ek Euskal Herriko unibertsitateetan eman izan diren eta ematen diren eskubide zibil eta politikoen urraketa salatu du.

IKASLE ABERTZALEAK-EN OHARRA:

Ikasle Abertzaleak antolakundeak bere babesik handiena adierazi nahi die ikasleon hitzaren bozgorailu izateagatik eta Bologna Prozesuaren ikasle iritzia transmititzeagatik datorren hilak 26an epaituak izango diren ikasleei. Bestetik, UPVko Leioako Campusean eta Euskal Herriko unibertsitateetan orokorrean eman izan diren eta ematen jarraitzen duten eskubide zibil eta politikoen urraketa arbuiatu nahi dugu.

Asteazkenean, (iragan irailaren 26ko greba orokorra dela eta bertan behera gelditu baitzen) hamahiru ikasle epaituak izango dira Bilboko Epaitegietan. Lau hilabeteko espetxe zigorra ezarri nahi diete ikasleei “desordena publikoak” leporatuta. Horren aurrean, Ikasle Abertzaleak-ek ondorengoa adierazi nahi du:

  • Unibertsitate ezberdinetan ematen diren eskubide zibil eta politikoen urraketa etetea exijitzen diegu agintariei. Horren baitan, kontrol kamerak kentzea, segurtasun indar pribatu nahiz publikoen desagertzea eta ikasleon kontrako erasoekin bukatzea.
  • UPVk bere posizioa argitzea eskatzea eskatzen dugu. Bera da epaiketa honen erantzule nagusia, izan ere, gertakarien egunean gaur egungo errektore den Iñaki Goirizelaia zen UPVko Bizkaiko Errektoreordea. Berak baimendu zuen Ertzaintza campusean sartzea eta ikasleen kontra oldartzea.
  • Beraz, epaiketa politikoa bertan behera uztea eskatzen dugu.
Bagenioen 2008an eta berriz diogu: krisi ekonomikoaren aitzakipean oinarrizko herri zerbitzuak pribatizatu nahi dituzte, baita hezkuntza ere. Estrategia merkantilista hau Bologna prozesuaren bidez gauzatu nahi izan zuten unibertsitateetan, eta hori da duela bost urte, eta baita egun, salatzen duguna. Arrazoiak berdinak dira. Ez dugu hezkuntza eta konkretuki unibertsitateak pribatizatu eta elite batenak bilakatu nahi dituen erreformarik onartuko.

Ez Bologna, ez ezer!

Beraz, hamahiru ikasleren aurkako epaiketa etetea exijitzen dugu. Horrez gain, kamarak kentzea, campuseko segurtasun indar pribatuak kendu eta Aresek zuzentzen zuen barne sailarekin egindako unibertsitaterako akordio errepresiboa bertan behera uztea exijitzen diogu UPVri. Unibertsitatean, jakituria eta eztabaidagune nagusiaren egoitzan, eskubide zibil eta politikoak errespetatzea exijitzen dugu.

No hay comentarios:

Publicar un comentario