2011/06/02

Iruñerriko Gazte Mugimenduaren hausnarketarako deialdia

Iruñerriako gazte mugimenduak M-15 mugimenduari buruzko hausnarketa egitera gonbidatu ditu gazteak. Urteetan bultzatu den mugimendua orain errealitate bilakatu dela eta egoera hau probestu beharra dagoela azaldu dute, mesfidantzak alde batera utzita.
Non gaude urteotan kalean borrokan egondako gazteok?
Iraultza lehertzen denerako indarrak gordetzen?
Iraultza politago bat itxoiten?
Zer pentsatzen duzu Gaztelu Plazako ekimenari buruz?
Pasatu ahal zara bertatik?
Asanbladetan parte hartu duzu? Eta komisioren batetan?
Lagunekin eztabaidatu duzu gaia?
Zer da gustatzen ez zaizuna?
Bizi izan duzu Iruñean aurretik horrelako zerbait?
Alferrikako ekimen bat da edo balio duen fenomeno soziala?
Zenbat aldiz eztabaidatu duzu politikaz lagun koadrilaz haratago?
Politika kalera atera behar da?
Sistema hau aldatzeko aski ahal da kexaka ibiltzea tabernan?
Enbarazu egiten digu gugandik desberdinak direnen iritziak entzutea?
Zuk ez baduzu egiten nork kritikatuko du tortura?
Zuk ez baduzu egiten nork egingo du euskaraz?
Espainiar estatuan Maiatzaren 15eko ekimenaren harira ehundaka gaztek hiriburu desberdinetako plazak sistema politiko eta ekonomikoaren aurkako iritzi kritikoz busti dituzte.
Euskal Herriko hiriburuetan ere islada izan du fenomeno honek eta egun hauetan Iruñeko Gaztelu plaza garai batean izandako hiriko egongela bilakatu da behin-behinean. Bertan gazte asko antolatu dira gai ezberdinen inguruan eztabaidatzeko, eta adin guztietako hiritarrak aritu dira mikrofonoaren inguruan sistemaren miseriak azalaratzen asanbladetan.
Hitz egin diren gaietaz haratago. Nork antolatu duen haratago. Non hasi den haratago. Esku beltza dagoen haratago. Komunikabidetan jasotako ohiartzunaz haratago. Poliziaren jarrera pasiboaz haratago.
GAZTELU PLAZAKO GERTAKARIAREN AURREAN EZTABAIDA ETA HAUSNARKETARRAKO IRAKURKETA BAT:
Egia da batzuk aspaldi hasi ginela borrokan. Egia da ere herri honek berezko borroka idiosinkrasia duela. Honek urteetan zehar dinamika aberasgarri eta eraldatzaileak aurrera eramatera lagundu digu. Horrela, Iruñaren izaera errebeldearen parte eta motore izan gara beti, borroka eta gatazka guztien lehen lerroan aritu izan garelarik. Krisi kapitalista eta gobernuaren murrizketen aurrean mobilizazio jendetsuak burutu dira Iruñean, 2 urtetan 3 Greba Orokor burutu direlarik. Institutuetan aurrera atera diren ekimenak ezin ditugu ahaztu ere ez.
Baina egia da ere azken hamarkada honetan maiz autokontsumorako dinamiketan erori garela, perspektiba eta gaitasun faltagatik, ez dugu asmatu gazteon benetako arazoei aurre egiten. Gure diskursoak edukiz hustu ditugu askotan eta gizarte arazoak identifikatu eta lantzeko izugarrizko arazoak izan ditugu. Zer esanik ez, azkenaldian gazte mugimenduaz hitz egitea, hitz egiteko modu bat besterik ez da (sektore soziologiko moduan, benetan ezer gutxi mugitzen dugularik, herri-jaietako ekimen herritar txalogarrietaz gainera). Funtsean eta garrantsitsuena: hausnarketa eta eztabaidatzeko gaitasunak galdu ditugu. Gure mikroklimaz haratago begiratzea falta izan zaigu.
Uste dugu, sortu berri den mugimenduak bere ibilbidea izango duela. Ez dakigu motza edo luzea izango den. Ezta zer norabidetan joko duen. Baina uste dugu Iruñari arnasa ematen ari dion ekimena dela eta zentzu horretan errespetu osoa zor diogula. Gazteon arazoak, sistemaren kontraesanak, plazara eraman izanak positiboa da bere horretan. Asanbladen horizonaltasuna, autogestioa eta gazteon parte hartze aktiboa ere goraipatzeko alderdiak dira.
Urte luzez bultzatu dugun gazte uholdea, bapatean errealitate bihurtu da. Eta hor dago gakoa. Guk bultzatu ezean ez dugu parte hartzen. Mesfidantza horrekin apurtu behar dugu. Ez ekimen konkretu honekiko bakarrik baizik gure egunerokotasunean.
Guk ez diogu inori esango zer pentsatu behar duen, baina pentsatzera animatzen zaituztegu. Askotan errezegi kritikatzen baititugu besteen ekimenak guk planteatutakoak “iraultzaileenak” omen direlako. Etorkizuna eskuetan hartu nahi badugu gure errealitateari erreparatu behar diogu, autokritika eginez, aurrerantzean borroka molde eta esparru erakargarriak proposatzea gure egitekoa izango delarik. Beti ere Gazte Mugimendua errealitate egin nahi badugu, izenaz haratago.
Asko dugu eskeintzeko, baina asko ikasteko ere.
Iraultza txikiak pizten ari diren honetan, gutako bakoitza ezpala bada
denon artean izugarrizko sutea eragingo dugu!
Iruñerriko Gazte Mugimendua

No hay comentarios:

Publicar un comentario