2012/03/15

M29 ikasleon oharra

Erreforma laborala, pentsioena edo hezkuntzakoa. Azken hiru urteetan krisiaren izenean hamaika neurri hartu dituzte gobernu ezberdinek. Gastuak murriztu eta lana sortzeaz hitz egiten dute, baina ez gaituzue engainatuko! Sistemaren biziraupena eta gutxi batzuen interesen alde egin eta gure eskubideak errotik mozten utziko dizuegulakoan bazaudete, jai duzue! Ikasleak ere, martxoaren 29an Grebara goaz!

Ikasleok argi daukagu: Ikastetxeetan naiz lanbide heziketan Marianoren erreforma berria, Unibertsitatean Estrategia 2015 eta zerbitzu publiko guztietan, hezkuntza barne, murrizketak. Etorkizuna? Prekarietatea. Prekarietatea orokortzeko mekanismoak sortzen ari dira hezkuntza mailan. Alde batetik sistemak behar dituen gizon eta emakume alienatuak erreproduzitzeko, eta bestetik, lan merkatu berriak exijitzen duen langile mota ezberdinak sorrarazteko.

Bukatu dira lizentziatutakoek zituzten soldata oneko lanak. Bukatu dira Unibertsitatean ikasteko estatuak ematen zituen bekak. Bukatu dira lanpostu finkoak. Badator mugikortasuna, Europar langilea, prekarietatea, zorpetua, merkatuko esklaboa. Etxean geldituz hau onartuko dugu, edo kalera atera eta gurea dena defendatuko dugu? Gurea da erabakia, gurea da erantzuna!

Ikasle Abertzaleok argi daukagu, Euskal Herriaren jendarte eraldaketan egiten dugun apustua Euskal Eskola Nazionala izanik. Ez dugula onartuko jendartearen gehiengoarekiko egiten ari diren triskantza hau. Ez dugula onartuko Gobernu ezberdinetatik eskaintzen ari zaizkigun etorkizuna.

Gure etorkizuna gurea dela aldarrikatzen dugu, eta hori horrela, guk eraikiko dugula ere bai! Beraz, inposaketa arrotzen gainetik, exijitzen dugu, gure eguneroko lanaren bidez eraikiko dugula Euskal Eskola Nazionala eta horrekin batera baita jendarte berria ere.

Martxoaren 29an burutuko dugun greba orokorra mugarri bezala ikusten dugu ezinbestean. Aurretik egindako lanaren jarraipena dela argi dago, baina era berean aurrera begira, mozorrotuta bizi izan den kapitalismoaren aurrean hortzak erakusteko egun gixa ulertzen dugu. Haiek aurkezten diguten jendarte kapitalista eta patriarkalaren aurrean gure alternatiba eraikitzera goazela jakin dezaten gure kontra botererako indarra erakustera goaz! Gurea dena berreskuratzera goaz, eta maila horretan, beharrezkoa da Euskal Herriko Ikasleria osoa kalera atera eta beste jendarte eredu baten beharra eta hau eraikitzeko dagoen indarra erakustea! Maila guztietan herri honek bere erara antolatu eta eraikitzeko duen beharra eta gogoa azaleratzeko eguna izango da! Gauzak bere lekuan uzteko eguna izango da!

Horregatik dei egiten diogu euskal ikasleriari Martxoan zehar eta aurrerantzean egingo diren mobilizazioekin bat egin eta era aktibo batean borrokatzera!!! Soilik ikasle borrokaz lortuko dugulako!


Martxoaren 29an IKASLEOK IRAULTZA!!

No hay comentarios:

Publicar un comentario