2012/03/07

Hezkuntza herriarentzat eta ez printzesentzat!

Gaurko egunez, Espainiako printzesaren eta berarekin batera Nafarroako lehendakaria den, Yolanda Barcinaren bisita jasan behar izan dute Imarkoaingo CENIFER ikastetxean. Goiz goizetik, bizkartzain eta kolore guztietako poliziez bete zaie ikastetxea eta horrek guztiak, haien eguneroko martxan eragina izan du.
Cenifer ikastetxeko ikasleen oharra:

Goizean ez dira gutxi izan jasan behar izan ditugun trabak. Ikastetxera iristean nabaria zen polizia desberdinen presentzia eta gure auto guztiak polizia zakurrez miatu dituzte. Honetaz gain, ikastetxera sartzeko nortasun agiri espainiarra erakustera behartu gaituzte, miaketak ere jasan ditugu eta baita gure motxilak hustu ere.Goizaldean ere, bizkartzainak ikastetxean bueltaka ibili dira, topatzen zituzten pegatina guztiak kenduz eta zenbait ikasleri begirada harroak zuzenduz.

Hau guztia, gerta zitekeelakoan, ikasleok, aurreko egunetan egindako batzar desberdinetan, printzesaren eta Nafarroako gobernuaren bisitaren aurrean plantoa egitea erabaki genuen. Horrela, printzesa gure ikastetxera iristerakoan, guk ikasleok, ikasgelak hustu eta kalera ateratzeko erabakia hartu genuen, eta protesta hori gaurkoan aurrera eraman dugu.

Ikasgeletatik ateratzen ari ginela, aurrez aurre, topo egin dugu gure gaurko bisitariekin eta momentu horretan, zenbait oihu egon dira, murrizketei buruz eta Barzinak jandako merenge tarta goxoari buruz. Hau dela eta, berehala etorri dira zenbait bizkartzain eta ikasle bati nortasun agiria eskatu diote.

Honen guztiagatik, hemendik salatu nahi dugu egin den antzerki hau eta gure ikastetxera etorri izana. Gazteen hezkuntzan interesa dutela adierazten duten bitartean murrizketa izugarriak burutzen dituzte, hori bai kontraesana. Baina CENIFERreko ikasleok argi daukagu zer suposatzen duten murrizketa hauek, ez gaituzte engainatuko. Hemengo langileen kanporaketa bortitzak bizi izan ditugu aurten, UPNren murrizketen aurkako borrokan ez dugu etsiko.

Gora ikasleon borroka! Hezkuntza herriarentzat eta ez printzesentzat!

No hay comentarios:

Publicar un comentario