Manifestua

Descargalo en castellano:
http://db.tt/c1Tc0zFK
Jeitsi euskaraz:
http://db.tt/XkIGc2yf
Hezkuntza eredua erabakiz, etorkizuna eraiki!
Zer da hezkuntza? Hezkuntza herrien motore da, jendartea eraikitzeko eta hezteko ezinbesteko tresna. Hortaz, hezkuntza pertsona bezala gure osotasunean eratuko gaituen elementua izan beharko litzateke. Pertsona kritikoak heziz etorkizunean askeak izan gaitezen. Izaki sozialak izanik, pertsonen arteko errespetua bultzatu behar luke, gizakien elkarbizitza hobetuz eta harreman parekideetan heziz.     

Gaur egungo Nafarroako eta Europako hezkuntza politika, ordea, lan munduaren beharretara bideratua dagoen eredua da, hau da, makinak bezala funtzionatzeko pertsona pasiboak eratzea du helburu. Horretarako ikasleen arteko lehiakortasuna bultzatzen du, gure arteko elkartasuna eta garapen pertsonala deuseztatuz. Hezkuntza sistema balore horietan oinarrituz sexu eta arrazen arteko bereizketa ahalbidetu, eliteak sortu eta konstituzioan oinarritutako baloreak ezarri ditu, gaur egun dagoen sistema patriarkal-kapitalista elikatzeko. 

UPN-ko hezkuntza politikak aurreko guztia ahalbidetu du azken aldian hartutako neurri hauekin:
  • TIL ereduaren ezarpena. Euskararen garapena ekiditea helburu duen eredua da, oinarri linguistiko frogaturik ez duena. Euskarazko ikastetxeen azpiegitura txarrak eta masifikazioaren aurrean baliabide guztiak duten TIL ereduko eskolak eskainiz. 
  • Vascuence-ren legea. Eratu zenetik hogei urte pasa diren arren, UPN-k mantendu egin du eta Irunberritik hegoaldera ezin da eskola publikoetan euskaraz ikasi. Hori gutxi balitz, gobernuak egiten duen eskaintza eskaria baino askoz txikiagoa da eta jende asko geratzen da euskaraz ikasteko aukerarik gabe. Adibiderik nabariena LHen kasua da.
  • Foru dekretua. Ikasleen eskubide guztiak zuzendariaren esku utzita ikasleon ahotsa isilarazi dute. Gainera, irakasleei autoritate handiagoa izateko ahalmena eman die, ikasleak hezkuntzan subjektu aktibo gisa jarduteko aukerak murriztuz. 
  • Curriculum arrotzak. Euskal Herria aintzat hartzen duten testu liburuei diru laguntza kendu, Euskal Herriko banaketa administratiboa sostengatu eta euskarazko eduki ulergaitz eta urriak eskaintzen ditu. Horretaz aparte, selektibitatea inposatu dute, haien edukiak ikastera derrigortuz, bestelako gairik ikasteko denborarik utzi gabe. 
  • Kontrol soziala. Ikasleak gaizkiletzat hartzen gaituzte, polizia ikastetxe inguruetan noiznahi aurkituz. Bestalde, edozertarako izenak eskatzen dituzte eta asistentziaren kontrol zorrotza egiten dute.
  • Lan munduan barneratzeko zailtasunak. Jakina da ikasleok eta gazteok krisi egoera honetan pairatzen ari garen egoera prekarioa dela eta ezinegona nabaria dela, gazteen %40a langabezian baitago. Honek gure ikasketak lan mundura soilik bideratzea eragiten digu eta ez gure formakuntza pertsonala osatzera, horrela gure ikasketak arrotz bihurtuz.

Arazo hauengatik guztiengatik, manifestuaren sinatzaileok Nafar hezkuntza eta gobernuari egungo egoerari aurre egitea eskatzen diogu. Arazo hauek guztiak orain arte hartutako neurri politikoengatik suertatu dira eta ez dugu horregatik gure hezkuntza eta etorkizuneko bizi maila kaltetuko duen neurri gehiagorik onartuko. Gure etorkizuneko aukerak eraikitzeko garaia heldu zaigu. Hori dela eta, neurri hauek hartzea eskatzen diogu:
  • Eskola eta unibertsitate euskaldun (edukiz eta hizkuntzaz) eta herritar baten eraikuntzari ekitea gaurdanik. Nafarroako ondare historikoari begiratuz Euskara gure herrialdeko hizkuntza izan da mende askotan zehar. Hau horrela izan dadin bermatu eta indartuz, gure nortasunaren ardatz delako hizkuntza bera; ezinbestekotzat jotzen  dugu neurri hauen ezarpena:
    • Euskara hizkuntza nagusitzat hartzea Nafarroako eremu guztietan. Gaur arte inposatutako mapa linguistikoa aldatu, Ley del vascuence deuseztatzea eta berri bat sortzea, non euskararen ofizialtasuna eremu guztietara zabalduko den, bere sustapena eta errespetua bermatuz.

    • Euskaraz ikasteko eskubidea ahalbidetzen duten heziguneei beharrezkoa den diru partidak bideratzea, eguneroko jarduera baldintza duinetan  jarrai dezaten eta D ereduko heziguneak ez dauden lurraldetan, euskarazko eskaintza bermatzea.  

    • Ikasketa espezializatuak (Lanbide Heziketa eta Unibertsitatea) bere osotasunean euskaraz garatu ahal izatea eskaintza zabalagoa eskainiz.

    • Euskara nagusitzen den ereduei lehentasuna ematea, TIL edo eredu arrotzei eman beharrean. Honekin batera, euskarazko ikasketa kualifikatuak (Batxilergoa eta Lanbide Heziketa) burutu dituzten ikasleei euskara erabiltzeko gaitasuna neurtzen duen titulaziorik atera behar ez izatea.

  • Ikasleon eskubide guztiak errespetatzea eta ikasleok hezkuntzaren subjektu aktibo gisa jarduteko neurriak hartzea. Ikasleok une honetan, inoiz baino erabakitzeko ahalmen gutxiago daukagu eta guregan eragina duten erabakiak inposaketen bidez hartzen dira. Gainera, gure eskubideen aurkako neurriak hauek noiznahi  hartzen dira, Hezkuntza foru dekretu berria kasu. Egoera honen aurrean neurri hauen aplikazioa beharrezkoa ikusten dugu:
    • Orain arteko neurri inposatu eta zapaltzaile guztiak ezeztatzea eta ikasleon oinarrizko eskubideen karta errespetatzea. Karta honek adierazpen askatasun osoa, biltzeko eta antolatzeko eskubideak oinarri izanik.

    • Hezkuntza erabaki organoetan ikasleok ordezkari eta indar handiagoa izatea, bai eskola kontseiluan, bai Nafarroako eskola kontseiluan edo beharrezkoak diren guneak sortu.

    • Ikasleok ikasturtean zehar ikasi behar ditugun edukiak gure interes eta beharrei egokitzea ikasturtearen hasieran eta klase emateko pedagogikoagoa den eredu bat bultzatzea, ikasleok  klasearen parte aktiboa izanez, burujabetasuna eta heldutasuna lortuz.

    • Ikastetxeetako zuzendarien gehiegizko boterea murriztea, jarrera autoritarioak ekiditeko eta ikasleonganako irudi totalitarioa deuseztatuz.


  • Euskal Eskola Nazionalaren eraikuntzan aurrera pausoak ematea. Gaur egungo eskola eredu arrotza Madriletik inposatutakoa da eta ikasleon interesak kaltetzen ditu. Espainiar estatua osatzen duten eremu anitzen eta ikasleon interesak ezberdinak dira. Guk tokian tokiko errealitatea eta ikuspegia daukagulako. Hori dela eta, Euskal Herrian indarrean dagoen eredu espainiarraren aurrean euskalduna eraikitzeko oinarriak ezartzea ezinbestekoa da:
    • Gaur egungo banaketa administratiboa gainditu eta Euskal Hezkuntza Sistema Nazionala eraikitzea; Ipar Euskal Herria eta Hego Euskal Herria batuko duena. Horrela bertako errealitatearen ikuskera kultural, ekonomiko eta administratiboa emanez.

    • Curriculum arrotzen aurrean Euskal Curriculumari lehentasuna ematea. Gure herria aintzat hartu eta errespetatzen duten edukiak eskaintzea arrotzak direnen aurrean. Orain arte hartutako eduki lege eta debeku guztiak bertan behera ustea, Euskal Herria aintzat hartzen duten testu liburuen diru laguntzen ukapena bermatzen duen dekretutik hasita.

    • Arrotz bilakatzen gaituzten froga eta metodologiaren birmoldaketa. Gaur egungo hezkuntza ereduak, ikasketak betebehar gisa ulertzen ditu  (Egin berri ditugun galdetegiaren diagnostikoan ikusita) eta ez eskubide edo norbere garapena emango digun prozesu bat bezala. Hau konpontzeko, froga arrotzen ezeztapena ezinbestekoa da, Selektibitatea kasu; eta ikasketa metodologiaren aldaketa, praktikotasuna bilatuz teorizazio hutsen aurrean.

Hemendik aurrera, manifestu honen sinatzaile garen norbanako eta kolektiboek, konpromezua hartzen dugu hemen jasotako puntuen garapenaren alde lana egitea. Etorkizun ilun honen aurrean, gure eskola eredu euskaldun, parte hartzaile, hezkidetzaile, herritar, demokratiko eta askatzailearen bidean pauso sendoak emateko garaia da. Borrokaz argituko dugu geroa!


No hay comentarios:

Publicar un comentario