2012/03/08

Hezkidetzaz emakumeok askatasuna lortu

M8 Ikasle Abertzaleon oharra:

Egun sexuaren araberako banaketa hierarkikoa hainbat esparrutan ematen da. Hezkuntzari dagokionez, paper ezinbestekoa jokatzen du egoeran. Zapalkuntza egiturazkoa eta orokorra da, botere erlazioak bultzatzen direlarik oinarrian. Ondorioz, sexu bereizkeria eremu guztietan ematen da (maila politiko, ideologiko nahiz ekonomikoan).


Sistemak neoliberal patriarkalak norbanakoari itxaropen, aukera eta debeku sozial bereiztuak ezartzen dizkio sexuaren arabera, ondorioz debeku kolektibo ezberdinak sortzen dira emakume edota gizonengan.

Berdintasunaren jendartean bizi garela erakusten badigute ere, estrukturalak eta historikoak diren genero diskriminazioak larritzen ari dira, egungo sistema neoliberal patriarkalaren eskutik. Sistemak praktika diskriminatzaileak daudela aipatzen badu ere, desdoitze txiki gisa kokatzen ditu eta hauen hobetzea instituzioetatik egingo dela kokatzen du. Baina ezin dugu ahaztu, instituzio hauek sistemaren zerbitzurako tresna direla.

Egungo matxismo mota berria sotilagoa, heziagoa eta paternalistagoa da. Ondorioz zailagoa izateaz gain identifikatzeko, autodefentsa mekanismo gutxiago dauzkagu garatuta.

Jakin badakigu, mendez mende garatu den zapalkuntza dela parez pare daukaguna eta hortaz, sexuen arteko erlazio berriak ez direla egun batetik bestera aldatuko. Benetako aldaketa egunez eguneko borrokaren fruitu izango da, kontzientzia eta dinamika feministen bidez lortuko dugu.

Aipatutako sexu bereizketa bidegabe honen oinarrietako bat hezkuntzan ezartzen da. Egungo hezkuntza sistema generoek inposatzen dituzten rol, jokaera eta bizi espektatibak barneratzeko dago diseinatua. Hezkuntza beraz estrategikoki kokatzen da, zapalkuntzaren oinarrietan. Gainera, hezkuntza formalean ematen dugun denboraren ehuneko handi bat esparru publikora begirako gaitasunak lortzera dago bideratua, esparru pribatua gutxietsiz.

Ikasle eta abertzaleok, egun inposatzen dizkiguten hezkuntza sistemek patriarkatuaren mantenuan egiten duten lana salatu nahi dugu. Eta egun emakumeok pairatzen dugun zapalkuntzari aurre egin eta jendarte parekide bat eraikitze bidean, hezkuntza hezkidetzailearen alde borrokatzen dugu!

Balore askatzaile eta parekideetan oinarritutako hezkuntza sistema da behar duguna. Hezkidetzaz, genero sistemarekin apurtu eta pertsonak pertsona bezala heztea bideratuz.

Hori dela eta, gure heziguneetan hainbat ekimen feminista burutzen ari gara gaurko egunez. Eta martxoan zehar, hezkidetza tailerrak egiten ari gara Euskal Herriaren luze zabalean. norbanakotik hasita pertsonen arteko harreman ereduaren gaineko hausnarketa sustatzea helburu dute honako tailerrek.

Bestetik dei egiten diogu euskal ikasleriari, gaurko egunez burutuko diren mobilizaziotan parte hartzera! Baita, martxoaren 24an Durangon egingo den GazteBurdelean parte hartzera ere!

Borroka feministaz, ikasleok iraultza!

No hay comentarios:

Publicar un comentario