2011/10/10

Hispanitatearen egunaren aurrean guk herri eskolak!

Zuen ikastetxean herri eskolarik burutu behar ez bada nahi duzuen herri eskolara hurbildu zaitezkete. Beraz animatu parte hartzen!
Iturraman:
10:00etan hasi, txokolatada, hitzaldia (Chile), jokuak...
Askatasunan:
Hamaiketakoa, hitzaldia...
Mendillorrin:
10:00etan hasi, hitzaldia, herri kirolak...
Eunaten:
10:30etan hasi, tailerrak, euskal dantzak, tortillak, jokuak...

Ikasle Abertzaleon oharra:

Egutegietan gorriz markatuta ageri zaizkigu hainbat egun, gure herriaren ukazioa eta honen asimilazioa bermatzeko helburuarekin. Euskal Herriaren ukaziotik gertu, eta gure herri izaeratik urrun kokatzen dira egun hauek. Hori gutxi balitz, espainiar eta frantziar agintariek egun hauetan jai hartu eta ospatzera kondenatzen gaituzte. Ikasleok ordea urtez urte egutegi propioa helburu, intsumisioa izan da gure jarrera. Eta aurtengoan ere, ez gara isilik geratuko! Jai egun arrotzen aurrean, ikasleok intsumisioa!

Ikasturte hasi berri honetan, aste honetatik hasita, lau izango dira inposatutako jai egun arrotzak. Egun bakoitzak bere izaera eta arrazoia badu ere, Estatu arrotzen historia markatzen duten datak dira, botere eta indar erakustaldi nabarmenak, naziotasun arrotzen gaineko sentimendua errotzea bilatzen dutenak. Ikasle eta Abertzaleok ez ditugu onartzen gure bizi erritmoa, lan eta klase egunak edo eta jai egunak markatzen dizkiguten egutegi arrotzak. Horregatik, egun hauetan ospatzeko ezer ez dugunez, klasera joango gara! Inposaketari aurre eginez, ikasle gisa jardun eta egun normal gisa irudikatuko ditugu inposatu dizkiguten jai egunak.

Urriaren 12a Hispanitatearen eguna da; Kolon Ameriketara iritsi zela ospatzen dute egun honetan. Egun, 18/1987 legearen arabera eta ofizialki, Espainiako Jai Nazionala du izena, nahiz eta arrazaren egun gisa ere ezagutzen den.

Horregatik, etzi ospatzeko ezer ez dugunez, Ikasle Abertzaleok Herri Eskolak egingo ditugu Euskal Herriko hamaika txokotan. Jai egun inposatuei ikasle gisa erantzungo diegu, guk geuk antolatutako eskoletara joanez!
Baina esan bezala, urriaren 12koa ez da jai egun arrotz bakarra! Azaroak 11 Frantzia osoan ospatzen den jai eguna da; hau ulertzeko, Lehenengo Mundu Gerraren amaieraraino joan behar dugu, 1918ean Alemaniak eta Frantziak armistizio bat izenpetu zuten gerrari amaiera emateko. Abenduak 6 Espainiako Konstituzioaren eguna da, 1978ko data honetan erreferendum baten bidez Espainiar konstituzioa onartu zen Espainiar estatuan. Francoren diktaduratik demokraziarako trantsizioan giltzarri izan zela ospatzeko baliatzen da jai egun hau.

Euskal Herriak bizi duen zatiketa eta nazio eskubideen urraketan urrats berri bat eman zuten 2009an egutegi arrotzen inposaketaren bidez. Hain zuzen ere, Hego Euskal Herriko zatiketa administratiboan sakondu asmoz, urriaren 25a Gernikako Estatutuaren eguna izendatu zuten, EAEko jai egun ofizial bilakatuz.

Ikasle eta Abertzaleok ez gaude prest eraso berri hau onartzeko, ez gure nazio izatea ukatzen duten egutegiak errespetatzeko, ezta Frantziar edo Espainiar ikasle gisa hezituak izateko ere. Euskal Herriko ikasleak gara, nortasun eta izate propioa duen nazio bateko herritarrak gara eta hala bizi, ikasi eta hezi nahi dugu. Helburu argiarekin lan egiteko gogoz eta konpromisoz beterik aurrera egingo dugu, jai egun arrotzen aurka, Euskal Herriko Egutegiaren alde, ikasle borrokaz lortuko dugulako!!!

No hay comentarios:

Publicar un comentario