2012/04/10

10.000 milioi €-ko murrizketak hezkuntza eta osasun arloan

Raxoik prentsa ohar batean iragarri duenez, espainiar gobernuak 10.000 milioi € ko murrizketak burutuko ditu hezkuntza eta osasun arloetan. Neurri hauek Nafarroan eragina izango dutela adierazi du Iribasek. Eta bitxikeri moduan aipatu behar da Iribas murrizketen aldekoa dela baina gaizki iruditu zaiola murrizketak hain modu "bortitzean" jendarteari helaraztea. Iribasek herriaren desinformazioa nahiago du, gezurrak ditu bere eguneroko dieta.

Ikasle Abertzaleok eguneroko borrokaz ikasleriaren jarrera kritikoa lortu behar dugu. Ezin dugu utzi gutxi batzuk aberasten diren bitartean, gutxi horiek sortutako krisiaren ondorioak langile-klaseko familiek ordaindu behar izatea. Gizarte kapitalistarekin bukatu beharra daukagu eta Espainiak Euskal Herria lotzeko daukan soka errotik moztu behar dugu behingoz.

Murrizketak aberatsei!
Hezkuntza herriarentzat!

2012/04/04

#Martxokoiraultza-k bizirik dirau. Etenik gabeko iraultza presta dezagun.

Inposaketa eta eskubide urraketez hitz egin genezake. Egungo hezkuntza ereduaren agorpenaz edo berau pribatizazteko neurri ezberdinez. Pedagogia ereduaz, eduki arrotzez edo azken aldiko murrizketetaz. Ez dira eraso berriak. Hezkuntzaren garrantziaren jakitun gara, baina baita etsaia ere. Egun ikusten ari garena, bizi duguna, aspaldi ekindako bidearen urrats berriak besterik ez dira, aurpegi edo izen ezberdinekin mozorrotzen direnak. Funtsean, ordea, denek helburu berari erantzuten diote: ikasleriaren asimilazioa herri baten ezabaketa lortzeko. Aski ongi ezagutzen ditugu, eguneroko ogi ditugulako, berauen ondorioak pairatzen ditugulako. 

Gaurkoan ordea ez goaz iluntasunaz hitz egitera, etsaiaren asmoak salatzera. Borrokaz idatzi nahi dugu, harrotasunez eta konpromisoaz. Udaberria heldu da eta berarekin batera haize berriak altxatu dira Euskal Herriko ikastetxeetan. Bereziki Nafarroa #m22 eta Gasteizen #hezkuntzaherriarentzat harrotu badira ere, iraultza haizeak hezigune guztietara zabaltzen ari dira. Ikasle belaunaldi berri bat jaikitzen ari da, murrizketen aurrean, eskubide urraketen gainean, sistemaren aurka edo euskaraz ikasteko debekuen kontra. Gogotsu dator, indarrez beteta. Ezer galtzekorik ez du eta etorkizun oso bat eraikitzeko eta irabazteko bai, ordea. 

Haize berriek ez dute mugarik ezagutzen, ez da jaio harrapatuko dituenik. Poliziaren errepresioa ezagutzen du, bere azalean ezagutu du pasa den greba orokorrean ere #animoxuban-ek. Irakasle edo zuzendaritzen mehatxuak ere entzunak ditu aurretik. Baina ikasleria ez da kikiltzen, amore ematea zer den ez daki. Oztopo guztien gainetik marrazten diguten errealitate eta etorkizun beltz hau eraldatzeko helburua dugu; iraultza egitera gatoz! 

Ikastetxean, lanbide heziketako zentroetan edo unibertsitatean, ikasleria ez dago geldi. Haizea bizia da, mugimendu etengabean ikasgela guztiak astindu eta kalera ateratzea bilatzen du. Nazkatu da ixilik egoteaz, burua makurtu edo mingainari ozka egiteaz. Sumisioa ez da bere izaeraren parte. Gazteak gara, errebeldeak, inkorformistak eta iraultzaileak. Eta horregatik hain zuzen ere sistematikoki zapalduak gara, arazorik eman ez dezagun, hautsa ez harrotzeko. Presta daitezela ordea, hezkuntzan nahiz herri honen eraldaketan ikasleria subjektu aktibo baita. Eta paper hori betetzeko konpromisoz beteta dator.

Gaur egungo ikasleak gara herri hau askatuko duen eskola berria eraikitzeko ardura daukagunak, herriaren beharretara egongo den eskola euskaldun, gorri eta morea, ikasleak libre eta burujabe heziko dituena. Horregatik jo dugu antolatzera, asanbladetan, ikasle ordezkariekin, instituzioetan edo IAko taldean. Ikasleok elkarrekin eta elkarrentzat egin behar dugu lan. Borroka lokalekin, txikitasunetik, ikasle mugimendu sendo eta indartsu bat altxatzera jo dugu. Kolektibo gisa hitza artikulatu eta oihukatzen ari gara: Greba eskubidea orain! Euskaraz ikasi, Euskal Herria ikasi! Indar polizialak, kanpora! Enpresak, ez eskerrik asko!

Eta gaur hemen aurkitzen bagara, gaurdaino emandako urrats guzti horiei esker izan da. Aurrerantzean, ikasle mugimenduaren eta krisian den mundu eta Euskal Herri eredu hau irauliko duen hezkuntza berriaren inguruan ere hausnartzea dagokigu. Azken finean, hezkuntza herri honen eraldaketaren motore bilakatzea baita ikasle eta abertzaleok herri honi egin diezaiokegun ekarpenik handiena.

Etorkizun propio baten jabe izan gaitezen gu geu gara oraina eraldatu behar dugunak. Horregatik jarraitu behar dugu borrokan, horregatik ezin dugu eten gure iraultza. Astin ditzala haize berriak Euskal Herriko ikastetxe, lanbide heziketako zentro eta unibertsiteak. Ikasgela orotan sartu eta atera ditzala kalera ikasleon aldarrikapen eta borrokak. Haize berriak dabiltzan honetan, #martxokoiraultza-k bizirik dirau. Etenik gabeko iraultza presta dezagun.

Ikoitz Arrese Otegi eta Haizea Solagurenbeaskoa Alkorta
Ikasle Abertzaleak-eko bozeramaileak

2012/04/03

Berta Garcia LABeko militantea ATXILOTUA!

Azken orduko albistea! Beste pertsona bat axilotu dute! Oskar Cayon, LABeko eraikuntza eta kimikako arduraduna. Pintura botatzea egozten diote ere.


Gaur 18:00etan kontzentrazioa burutuko da CEN patronalaren egoitzaren aurrean


Greba orokorrean Nafarroako Enpresarioen Konfederazioaren (CEN) egoitzara margoak jaurti zituelako atxilotu dute ustez.

Espainiako Poliziak Berta Garcia LABeko kidea atzeman du Iruñean, ustez lehengo ostegunean greba orokorrean Nafarroako Enpresarioen Konfederazioaren egoitzara margoak jaurti zituelako. Eguerdian atxilotu dute, sindikatuaren egoitzatik gertu.
LABek dio grebak izandakoa arrakasta ezkutatu egin nahi dutela halako atxiloketekin eta.


Info+ GARA edota BERRIA

Asteburuan Gazte Martxa ta Aberri Eguna


2012/04/02

Animo Xuban! Nafarroatik elkartasuna!

Martxoaren 29ko greba orokorrean Ertzaintzak Xuban Nafarrate larriki zauritu zuen Gasteizen. Lurrera bota, izugarrizko paliza eman, bokatxarekin burura tiro egin eta grebako paperak ahoan sartu zizkioten. Eraso hori eta komunikabideen manipulazioa salatzeko, kontzentrazioa deitu zen Andra Mari Zurian hurrengo egunerako. Oraingoan ere, indar armatuek jendea identifikatu, kolpatu eta atxilotu egin zuten, hiriaren erdialdean ikuskizun penagarria emanez.
Rodolfo Aresen dimisioa eskatzeko sinadura bilketa martxan jarri da. Honetan parte hartzeko hemen klikatu.

2012/04/01

Errotik gazte mugimendua jaio da Iruñerrian


Errotik-en oharra:

Iruñerriko Trikimailuko topaketak gazte mugimenduan ematen ari zen eztabaida prozesu baten ondorioz burutu ziren, gazteria elkartu, berpiztu eta autoantolatzeko helburuz. Bertan, gazteek ditugun interes eta arduratzen gaituzten gaien inguruan eztabaidatu ondoren, atera ziren esparru ezberdin hauen lanketarako talde ugari sortu ziren, hauen artean sozio-ekonomia lantaldea. Azken hau, nahiz eta beste lantaldeekin elkarlanean jardun, izaera propioa garatzen joan da, honen emaitza Errotik izanik.

Bertako kideen ideia politikoen aniztasuna dela eta, hilabete batzuk iraun duen eztabaida prozesu baten ondoren, amankomunean dauzkagun oinarriak finkatu ditugu: gure lanketa arlo sozioekonomikoan kokatzen denez, sistema kapitalistaren aurkako borrokaren testuinguruan kokatzen gara eta, beraz, hau sostengatzen den eta honen biziraupenerako ezinbestekoa den sistema patriarkalaren aurkako jarrera dugu.

Borroka hau bere osotasunean burutu ahal izateko hiru lan-ildo definitu ditugu, gure ekina hauetatik bideratuz:

  • Borroka ideologikoa: Boterearen hegemonia ideologiko eta propagandistikoa deuseztu nahian ezinbestekoa dugu sistemaren printzipio eta baloreen azaleratzea hauen sakoneko eraldaketarako. Barne eta kanpo formakuntza, kontzientziazio kanpainak, politizazioa, diskurtso propioak helaraztea,…sar genitzake borroka esparru honetan, eztabaida irekien, irakurketa kolektiboen, hitzaldien, ideien propagandaren etab,rren bitartez. Ezinbesteko tresna: Eztabaida.
  • Borroka ofentsiboa: Sistema honen erantzuletzat jotzen dugun ororen ikusgai egite eta salaketa. Jazarpen egoerararekiko erantzuna, autodefentsa. Tresna nabarmena: Ekintza zuzena.
  • Alternatibak eraikiz: Sistema honen aurkako alternatiba errealak eraiki, garatu eta gainontzeko jendarteari helarazi. Kontraboterearen sorkuntza, bizimoldeen eraldaketa, auzolana,…etorkizuneko (eta oraingo) gure gizarte proiektua gauzatuaraziz. Nabarmentzeko tresna: Autogestioa.

Gaztez osaturiko taldea gara, jendarteko beste sektore ezberdinek bezala, gazte garen einean dauzkagun behar eta arazo zehatzei erantzuteko borroka esparru propioak beharrezkotzat ikusten ditugularik. Gainera gainontzeko herri mugimenduen eta gazteon arteko harremanak landu eta sakontzea garrantzizkoa deritzogu, horretarako lotura tresnak garatuz.

Antolakuntza forma horizontalaren eta autonomiaren aldeko garenez, autoorganizazioa eta asanblearismoa dira gure antolakuntza ereduaren oinarri, harreman askeak eraikitze bidean. Gehitu talde irekia garela edonork parte hartu nahi ezkero.

Eredu sozioekonomiko neoliberal-patriarkalak jendartearen eta lurrarengan dakartzan ondorio latzak direla, eta egungo krisi egoerak sistemaren kontraesanak agerian uzten dituaelarik, hil ala bizikoa deritzogu gazteok, gure aniztasunean, gizarte eraldaketarako helburu amankomunen baitan elkartzea, sistema esklabista eta zapaltzaile honen errora jo eta ERROTIK iraultzeko. Hemen gure izenaren jatorria.