2012/02/07
EAEko Ikasle Abertzaleak murrizketen aurka borrokan tinko!
IKASLEOK TINKO! Murrizketarik ez!!!
Berriz ere, krisiaren aitzakipean, ikasleen eta jendarte osoaren kalterako neurri onartezinak hartu nahi dituzte agintari ezberdinek. Diru falta da arazoa, ala diruaren banaketa bidegabekoa? Noren esku dago dirua? Zein dira haien helburuak? Zein da erreforma berrien helburua? Zein da indarrean dugun sistema? Zeintzuk dira sistema honen lehentasunak?
Herritarron bizitzan funtsezko diren arloei (osasungintzari eta hezkuntzari, esaterako) gero eta diru gutxiago eskaini nahi diote. Zerbitzu publikoak kolokan jartzean, herriaren biziraupena eta garapena arriskuan jartzen dituzte.
Bitartean, gure dirua honako hauetan xahutzen ari dira: AHT edo Pasaiako Superportua bezalako makro azpiegitura bideraezinetan, bankuen erreskate fiktizioetan, politikarien eta haien lagunen poltsikoetan…
Hezkuntzan murrizketak ikas-maila eta adar guztietan eman dira. Hona hemen adibide batzuk:
*Irakasleak kaleratzea
*Ordezkapenak gutxitzea (errealitatean: ikasleak irakaslerik gabe utzi)
*Materialentzako dirua murriztea
*Ikasleen aglomerazioa bultzatzea
*Lanbide Heziketetako praktiketan ikasleei bideratutako diru-laguntza kentzea
*Fakultate batzuetan karrera batzuen desagerpena
Neurri hauek hezkuntzaren kalitatea nabarmenki kaxkartzen dute. Hori gutxi balitz, halakoak onartzen ari diren bitartean, hezkuntzara bideratzen duten dirua heziguneak segurtasun indarrez, kamaraz eta kontrol sozialerako mekanismoz betetzeko erabiltzen dute.
Bestalde, Espainiar estatuko gobernu aldaketarekin batera, egoera ekonomikoari “erantzunez” ikasleriaren etorkizuna baldintzatuko duten erreforma berriak aurreratu dituzte. Ikasleak geroz eta lehenagotik beren bidea kondizionatuz, gazte sektorea prekarietatera bultzatuz eta egoera honen aurrean titere bilakatzeko.
Ez da kasualitatea eraso hauek Euskal Herriko herrialde guztietan ematea; bide berean soilik uler litezke Bordeleko Akademiak irakaslegoa dramatikoki murrizte bidean harturiko erabakia, eta Nafarroako eta EAEko Hezkuntza Sailek azken hilabeteetan aditzera eman dituzten neurriak. Denek kutsu bera dute; agintarien interesak berberak diren seinale.
Ikasle eta Abertzaleok eredu honi ezezko borobila ematen diogu, eta ez gaude horrelako atzerapausoak onartzeko prest! Ez dugu onartuko krisi ekonomikoaren aitzakiarekin gure etorkizuna baldintzatzerik! Euskal Eskola Nazionalaren bidean atzera egin nahi dute, eta gaurko nahiz etorkizuneko jendartea prekarietate orokorrean murgildu. Horregatik, Euskal Herrian dauden agintari ezberdinei exijitzen diegu murrizketa guzti hauekin amaitu, eta kalitatezko hezkuntza baten alde lan egiteko. Dirua badago, baina haien interesen arabera darabilte. Herritarron mesedera jarri behar ditugu, lehentasunak argi utzi behar dizkiegu!
Gaur egun arte bermatu zaizkigun eskubideak borrokaren bitartez, izerdi eta lan askorekin lortuak izan dira. Era berean, borrokaren bitartez bakarrik lortuko dugu etorkizunean hauek mantendu eta berriak betearaztea. Ez dezagun uste egungo agintariek gure kezka eta lehentasunekin bat egiten dutenik, eta erabakiak egoerak behartuta hartzen dituztenik. Prekarietatea eta pobrezia zabaltzen duten txontxongilo eta diruzale kuadrila bat besterik ez dira! Horregatik, erantzuleak garbi izanik, borrokari lotu beharrean aurkitzen gara! Ogi gogorrari hagin zorrotza!
Gure eskakizunak argiak dira: martxan jarri dituzten murrizketak bertan behera utz ditzatela, eta ikasleoi hezkuntza euskalduna eta duina izateko baldintza guztiak berma diezazkigutela: azpiegitura egokiak, garraio duina eta publikoa, matrikulazio tasen kongelazioa, titulazioetan eta beketan murrizketarik ez izatea, irakaslego egokia kalitatez eta kopuruz, euskaraz bizi eta ikasteko beharrezko baliabideak…
Guzti honengatik, datorren otsailaren 9an, Ikasle eta Abertzaleok deituta dauden deialdiekin bat egin eta lanuzteak burutuko ditugu Euskal Herriko ikastetxe, unibertsitate eta lanbide heziketako zentroetan. Horrekin batera, datozen egunetan Euskal Herrian murrizketen aurka eta bestelako jendarte eredu baten alde egingo diren ekimenetan parte hartzeko deialdia luzatzen diogu euskal ikasleriari. Gure eskubideak defendatzeko, borroka garaia da!!!
Ikasleok tinko: MURRIZKETARIK EZ!!!
Ikasle abertzaleak
2012ko urtarrilean
2012/02/05
Euskaraz matrikulatu!
Lanbide Heziketako Ikasle Abertzaleek kanpaina indartsu bat egingo dute kurtso honetan zehar LHetan euskaraz matrikulatzeko, eta horrela, Iribas eta LH zentroak behartutak egoteko euskarazko LHak jartzera edota euskarazko eredua eskaintzera.
Dena den, hezkuntza arloko beste hainbat kolektibok euskarazko matrikulazioaren alde agertu dira dagoeneko aurten. Sakatu hemen informazio gehiago nahi baduzue.
Ezin ahaztu dezakegu ere hainbat familiek egiten ari duten lana Alde Zaharrean euskarazko haur eskola bat egiteko. Hemen sartu haien bloga ikusteko.
2012/02/04
Euskal Jaia Martxoaren 31n izango da!
Euskal Jaia 2012 Martxoaren 31n burutuko da. Urteetan zehar NUPeko Ikasle Abertzaleek Euskal Unibertsitatearen alde antolatutako jaialdi honek aurten izaera berria hartuko du. Nafarroako Ikasle Abertzale guztiak topatu ahal izateko, jairako eta borrokarako eguna bihurtuko da. Ezin ahaztu dezakegu Euskal Unibertsitatearen erronka aldarrikatzen jarraituko dela baina aldi berean izaera berriari esanahi zabalagoa eman eta euskal ikasleriaren borroka nagusia aldarrikatuko da. Hezkuntza Sistema Nazionala!
Beraz, data berezi hau zuen egutegietan markatu! Eguna hurbildu ahala datu gehiago zabaltzen joango gara. Egitaraua zein izango den, topaketak egingo diren, zein musika talde joko duten...
Esan beharra dago ere egun honekin martxoaren 7an hasiko den ikasle matxinadari segida eman eta ikasle matxinada bera indartuko dela.
KaleraRockerako 2 autobus aterako ditugu oraingoz
Herriko Del Karmenen dagoen lista iaia beterik dago eta Txantreako Zurgaien dagoena orain dela gutxi jarri dugu.
2012/02/01
Haur Eskola Euskaraz!
Iruñeko Alde Zaharrean euskarazko Haur eskola lortzeko borrokari eusten dio auzoko gurasoen plataformak. Urte beteko ibilaldian hainbat ekimen antolatu dute beraien aldarrikapena ezagutarazteko. Silleten kalejira koloretsu eta alai hau, Plataformaren ekimen berria dugu, Nafarroako Parlamentua eta Iruñeko Udalaren aurrean beraien eskaera entzunarazteko: Alde Zaharrak euskarazko Haur Eskola behar du!
Jazarpen españolista berriak Madriletik
Espainiar Estatuko hezkuntza, kultur eta kirol ministroa den Jose Ignacio Wert-ek hainbat aldaketa iragarri ditu hezkuntzan estatu mailan. Alde batetik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza 4 urtekoa izatetik 3 urtekoa izatera pasatuko da eta aldi berean Batxilerra 2 urtekoa izatetik 3 urtekoa izatera igaroko da. Neurrien artean aipatu du ere Espainiar Konstituzioan oinarritutako ikasgai berri bat egongo dela.
Iruñerriko Ikasle Abertzaleok ezin dugu ulertu nola oraindik frankismoa kondenatu ez duten PPko pertsonai hauek ausartzen diren hezkuntzaz hitz egitera. Ez daukazue lotsarik. Guk, behin gehiago, espainolak ez garela zabalduko dugu lau haizetara eta Euskal Herria erreprimitzeko tresna den espainiar konstituzioari ezetz esango diogu behin eta berriz.
Nafarroa mailan, Iribasek baiezkoa eman die proposatutako neurriei baina guk argi daukagu ez gaudela prest inposaketa bat gehiago ere jasatera. Iragarri egin dutenez, 2012/2013 ikasturtean aplikatuko dituzte.
Iruñerriko Ikasle Abertzaleok ezin dugu ulertu nola oraindik frankismoa kondenatu ez duten PPko pertsonai hauek ausartzen diren hezkuntzaz hitz egitera. Ez daukazue lotsarik. Guk, behin gehiago, espainolak ez garela zabalduko dugu lau haizetara eta Euskal Herria erreprimitzeko tresna den espainiar konstituzioari ezetz esango diogu behin eta berriz.
Nafarroa mailan, Iribasek baiezkoa eman die proposatutako neurriei baina guk argi daukagu ez gaudela prest inposaketa bat gehiago ere jasatera. Iragarri egin dutenez, 2012/2013 ikasturtean aplikatuko dituzte.
Suscribirse a:
Entradas (Atom)




