2011/12/23

Zorionak NUPeko IA taldea!

NUPeko ikasle hauteskundeak irabazi zituzten atzo Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasle Abertzaleak taldeak.

9 abertzale izango ditugu klaustroan

2011/12/20

22an NUPen Ikasle Abertzaleak bozkatu!



NUPeko Ikasle Abertzaleen oharra:

Ikasle Abertzaleok 23 urte luzez Euskal Eskola Nazionalaren bidean beste unibertsitate eredu baten alde lanean diharduen ikasle antolakundea da. Ikasleon eskubideen alde borrokatu, edukiz nahiz hizkuntzaz euskaldunak izango diren ikasketak aldarrikatu, hezkuntzaren etengabeko degradazioa salatu... Asko dira orokorrean lantzen diren esparruak. Gure helburua eskuratzeko baina bidea bera izaten jarraitzen du ordea: Beste unibertsitate eredu bat!

DEMOKRATIKOA

-Sektoreen parte hartze aktiboa izango duena
-Sektoreen ordezkaritza erreala izango duena

HERRITARRA

-Irekia: Herritarren eskuetan, eskura eta mesedetan dagoena.
-Laikoa eta zientifikoa: Erlijioen dogmarik gabe, metodo zientifikoaren arabera jarduten duena.
-Parte hartzailea: Ikasleak subjetu, bai eskolako erabakiak hartzeko orduan erabakiguneak ikasleoi irekiak izanik, bai ikasleoi gure hezkuntza prozesuan parte hartze aktiboa bermatuz.

ASKATZAILEA

-Inklusiboa: Arraza, jatorri, sozioekonomikoa... bereizten ez dituena.
-Pedagogia askatzaileduna: Hezkuntza prozesua pertsonak askatzeko bide moduan ulertzen duena.

HEZKIDETZAILEA

-Genero bereizketarik gabe pertsonak heziko dituena.

EUSKALDUNA

-Hizkuntzaz: Euskal ikasle guztien euskalduntzea bermatzen duena.
-Euskalduna edukiz: Euskal Herritarrek adosturiko kurrikulum euskaldun baten arabera funtzionatzen duena.

2011/12/17

Itxialdian dabiltza iada Mañeruko eskolan "Ley del vascuenceren" aurka


TOPATUtik hartutako albistea

Sortzen-Ikasbatuaz-en oharra:

Arestian Hegoalde ikastolako gurasoek azaldu duten bezala, auzoa bizirik mantentzeko ezinbestekoa da eskola euskaldun bat edukitzea, eta horixe berbera ari gara orain hemen aldarrikatzen: eskola bizirik, herriak bizirik. Arrosadian lortu zuten, eta hemen ere lortuko dugu.

Ez gaude prest landa eremuko eskola gehiago ixten ikusteko Vascuencearen lege murriztailearen interpretazio are murritzaileago batengatik, eta argi eta ozen esan nahi dugu, Mañeru, Zirauki eta beste horrenbeste lekuetan euskararaz bizitzeko eskubidea dugula, herri eta auzo guztietan alegia.

Horregatik guztiagatik, euskal jendarteari deia luzatu nahi diegu euskaraz bizitzeko eskubidearen aldarrikapena azken txokora arte eramateko eta Mañerura gerturatzeko euren elkartasuna adieraztera, behin betikoz euskarari dagokion status juridiko egokia denon artean lor dezagun.

Mañeruko herritarrak egunez egun gure hizkuntza eskubideen urraketaren begirale gara. Vascuenceren legea indarrean dagoenetik ezin dugu gure herrian euskaraz ikasi ez bizi. Horrela gure herriko umeak egunero kotxean sartu eta Garesera mugitzen ditugu euskarazko irakaskuntza jaso ahal izateko. Horixe izan da gure herriko eskola ixtearen arrazoia, euskarazko eskaintzarik ez bermatzea. Mañeruko herritarrak ez gara bigarren mailako nafarrak eta gure herriko hizkuntzan ikasteko eskubidea dugu. Hori da gaur aldarrikatu nahi duguna. Gure herrian ikasi nahi dugu eta euskaraz gainera. Eskolak bizirik nahi ditugulako, herria bizirik nahi ditugulako. Hegoalde udal ikastola okupatu zutenean horixe bera aldarrikatu zuten eta euskarazko irakaskuntza lortu ere. Guk, Mañeruko herritarrak lekukoa hartu eta euskarazko irakaskuntza gure herrian bermatzea dugu helburu eta bide horretan aldarrikapena zabaldu eta ekimen ezberdinak aurrera ateratzeko borondate irmoa dugu. Gaur Mañeruko eskolan sartuko gara, bere garaian Hegoalde ikastolan sartu ziren bezala, eta ekimen sinboliko honen bidez gure herrian euskaraz ikasteko eskubidea errealitate bat izan arte lanean jarraituko dugula zabaldu nahi dugu lau haizetara.

Euskaraz bizitzeko eta ikasteko eskubidea, Eskolak bizirik herriak bizirik!

Info+:  topatu.info

2011/12/15

"Vascuencere Legeak" ez dezala 26 urte bete!

25 urte. Geroa ilundu nahian, elkarrengandik urruntzen, kentzen, lapurtzen…

25 urte igaro dira Nafarroan “Ley del Vascuence” delako legea indarrean ipini zutenetik. Euskaldunon hizkuntza eskubideak zatikatzen dituen legeaz mintzo gara, egunez egun zanpatzen gaituen legeaz. Nafar gobernuaren hizkuntza politika menderatzailearen lekuko den lege horretaz. Nafarroa Garaia 3 eremutan zatikatzera kondenatu gaituen inposaketa da honen ondorio zuzena.

Huts hutsean, zatiketa administratiboan sakontzera eramaten gaitu, indarrez inposatu diguten bide honek. Nafar lurraldean errealitate ezberdinak sortzea ekarri du honek eta gainontzeko Euskal Herritik bereiztea.

Horri jarraiki, euskaraz bizitzea, gozatzea… pribilegio gisa kokatzea dakar zonalde jakinetan; besteetan oztopoz beteriko erabakia izanik. Euskaldunon hizkuntza eskubidea bera ere, noiz eta non nolakoa den ezartzen saiatzen dira istorio guzti honekin, beste behin ere. Aitzakiak baino ez dituzte behar, gure izaera distortsionatzeko bidean pausoak emateko.

Arloz arlo zabaltzen da lege honen itzala. Hezkuntzari erreparatzea baino ez dago hortaz jabetzen hasteko. Eremu ezberdinen sorrerak, euskaraz ikasteko eskubidean ere sailkapenak bideratzea dakar. Hezigune bakoitzaren kokapenak eskubide batzuen jabe zarela edo ez determinatzea nahi dute.

Hala, zonalde mixtoan eta erdaldunean, hizkuntza eskubidearen baitan murrizketa sakonak bizi ditugu. Dena dela, ez da askoz hobea zonalde euskaldunez izenpetzen duten horretan bizi dugun egoera. Gaur egungo hezkuntza sistemak ez gaitu behar bezala euskalduntzen, ez zona erdaldunean, ez zona euskaldunean eta ezta Euskal Herriko gainontzeko herrialdeetan ere.

Eskubideen murrizketak aipatzearekin batera, ezin ahantz dezakegu egun krisia aitzakia hartuta agintarien guraizeek hartu duten martxa. Murrizketak arloz arlo. Murrizketak hezkuntzan parez pare. Eta kontuan hartzen badugu, estatu espainolaren estrategia espainolista eta zatikatzailea argi dago, euskaraz bermatzen den hezkuntza ildoan emango direla murrizketarik bortitzenak.

Honen guztiaren aurrean, Ikasle eta Abertzaleok gogor salatzen dugu urtez urte indarrean mantentzen jarraitzen duten “Ley del Vascuencearen” inposaketa. Eta beste behin ere, Euskal Herriaren luze eta zabalean indarrean dauden eta herritarron euskalduntzea bermatzen ez duten hizkuntza politika hauei ezezko biribila adierazten diegu!

Guk, euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatuko dituen hizkuntza politikak behar ditugu. Euskaldunok eskuz esku erabakitako hizkuntza politika burujabea aldarrikatzen dugu. Euskaldunok euskaraz bizi eta ikasteko eskubidearen bermea behar dugu Euskal Herri osoan zehar!

Eskuz esku, pausoz pauso, gure esku dago aurrera egin eta Nafarroa euskaldun baten ametsa egi bihurtzeko lan egitea. Hizkuntza eskubidearen alde, ikasleok iraultza!

2011/12/14

BONOAK ESKURAGAI!

Ikasle presoen egunerako bonoak eskuragai iada!
Afaria bertan egongo da prezio herrikoietan
(Bazkaria + Kontzertuak) 10€
Tabernetan:

  • Herriko (Alde Zaharra)
  • Akelamendi (Barañain)
  • Ipar Gorri (Errotxapea)
  • Akelarre (Txantrea) 
  • Herriko (Txantrea)

Ikastetxeetan:
  • Txiba (Eunate, Virgen del Camino, Irubide, Nekazal, Mariana, Jesuitinas...)
  • Askatasuna
  • Mendillorri
  • San Fermin
  • Donapea
  • Salesianos
  • Berriozar
  • Biurdana
  • Ibaialde
  • Alaitz.

.......::::EGIN DEZAGUN BIDEA::::....... kontzentrazioak ikastetxeetan