2011/09/14

Sekta ultrakatolikoek hezkuntza haien esku daukate!

ADI IKASLE!
Nafarroako hezkuntza kontseilari berria  (Jose Iribas) "Comunión y Liberación" deituriko sektako partaide da. Opusetik ateratako talde honek ezaugarri ultraeskuindar eta ultrakatolikoak ditu eta elitean sartzea du helburu.

Esan beharra dago ere, Jose Iribasek talde honetako naiz "Legionarios de Cristo" taldeko jendea entxufatu duela Hezkuntza Departamentuko goi mailako postuetan eta ikasturte honetako murrizketak egiterako orduan argi dagoela zein den jarraitu duen pentsaera.

2011/09/03

Hezkuntzako dirua porlanean ez gastatzeko eskatu du LABek


LAB sindikatuak atzo ohar bat plazaratu zuen Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteak krisiari aurre egiteko proposatu dituen neurriak kritikatuz.

Sindikatuak kezka berezia agertu du hezkuntzan eta osasunaren alorrean egin asmo dituen murrizketengatik. "Barcinak porlanean xahutuko du hezkuntzako eta osasungintzako dirua, eta, gainera, enpleguaren izenean egin nahi du".

"AHTaren 8'5 kilometrotan xahutuko dutenarekin, mila irakasle berri baino gehiago kontratatu daitezke, 0-3 zikloa dohainik eskaini ahalko litzateke behar duen ororentzat".

2011/09/02

Iruñerriko 11 gazte epaituak izango dira Urrian

Urrian izango dituzten epaiketen harira, idatzi bat plazaratu dute Iruñerriko gazte auziperatuek. Besteak beste, gazteok politikan parte hartzeko dugun eskubidea aldarrikatu dute.

Gazte 1 + ez! Sasi epaiketarik ez!
Iruñerriko auziperatuen oharra:
Azpian sinatzen dugunok euskal jendartea ohartarazi nahi dugu urriaren 4, 5, 6, 17, 18 eta 19an Iruñerriko 11 gazte epaitu nahi gaituztela frankismoko Tribunal de Orden Publiko-aren oinordekoa den Auzitegi Nazionalean, 2008an atxilotu, inkomunikatu, torturatu eta espetxeratu ostean.
Hilabeteetara kalera irten ginen 96.000 eurotako fidantzak ordainduta eta geroztik, astero epaitegira sinatzera joan behar dugu. Honi gehitu nahiko genion, kartzeletan sakabanaturik daudela oraindikan epaiketa duten hiru lagun.
Gaztetxoak ginenetik jabetu ginen herri honen gatazka politiko eta armatuaz, herriaren borondatearen ukazioan funtsa duenak. Geroztik tinko aritu ginen askapen prozesu kolektibo zein pertsonalean; gu, gazte bezala, gure arazoei aurre eginez. Ilusio, irudimen eta determinazio osoz.
Bide honetan milaka gazte izan gara herri hau zutik mantendu eta eraiki dugunak, prozesu iraultzaile guztietan paper aitzindaria aurrera eraman dugularik, arloz arlo, kulturgintzan, sormenean, gaztetxetan, langile borrokan, internazionalismoan, musikarien artean astintzen, etxebizitza eskubideen alde, espekulatzaileak salatuz, amalurraren aldeko bizi eredu aldaketan, borroka feministan bidean egiten, errepresaliatuekiko elkartasunari bidea ematen,… gazte eragileetan, herri eragileetan, mugimendu politikoetan zein sozialetan. Estatuak ordea bere amorruzko erasoan montai nahaspilatu bat egin zuen gure aurka, kamisariako tortura basatietatik hasi eta hedabideen laguntzaz intoxikazio larria hedatuz. Euskal Herrian gauden garai erabakior honetan irmoki aldarrikatu nahiko genuke gazteok antolatu, borrokatu eta politikan parte hartzeko daukagun eskubideaz.
Estatuek eskubide hauek herriak eskutan hartu eta garatzeari ikaragarrizko beldurra diete. Inoiz ez dugu sinistu saldu nahi izan diguten demokrazi honetan eta frankismoaren mozorro bat besterik ez dela baieztatu ahal izan dugu: dena “lotua, eta ongi lotua” utzi zutela agerian geratzen da.
Horrela, azken lau urteetan, euskal gazteriaren aurka izan diren operatibo mediatiko-polizial guztiak ez direla kasualitatea deritzogu. Aurreko prozesu demokratikoa zapuztu ondoren, Estatuaren Gobernuak mugimendu independentista zapuzteko erabakia hartu zuen. Horren besteko errepresioaren zergatia argi dugu: gazteak herri honetako etorkizuna gara eta honengatik desaktibatzeko apustua egin zuten. Iruñerrian esaterako, 80 gazte izan dira atxilotuak, 46 torturatuak, 51 espetxeratuak eta zerrenda beltzetan ehundaka gazte daude, atxilo eta torturatuak izateko arrisku larrian.
Hau dena horrela bada ere, euren estrategia, errepresioa eta inmobilismoa izaten jarraitzen du gaurkoan ere. Estrategia honek porrot egin behar du eta egingo du herriak egoera honi buelta emanda, herri harresiaren baitan konpromezua hartu eta elkartasunaren aldeko borrokan indar guztiak jarrita. Oztopo guztien gainetik, ez dago Euskal Herria eraikitzeko nahia geldituko duen epaitegi ezta poliziarik ere.
Epaitu eta kondenatu nahi gaituzte baina jakin dezatela, herri honen borondatea ezin izango dutela kondenatu ezta gelditu ere. Jakin dezatela, herri honek determinazio argia duela helmugara iristeko eta bide horretan gazteok konpromezu irmoa hartu dugula.
Kontura daitezela, ez dagoela herri bat garaitu dezakeen sasi-epaitarik!!! Animo ta segi aurrera! Irabazi arte! Gure berotasunik handiena estatuetan baitutak dauden Euskal Preso Politiko eta iheslari guztiei.
Iruñerrian 2011ko abuztuaren 29an

2011/07/02

Uztailaren 3an ikasle presoak klasera

Egin Dezagun Bidea ekimenaren Nafarroako sustatzaileak azaldu dira gaur prentsaurreko batean, heldu den uztailaren 3rako Iruñean deitu duten manifestazioa iragartzeko. Sakabanaketaren datu latzak eman dituzte, eta Nafarroako jendarteari kalera ateratzeko dei egiten diote, "garaia baita aski dela esateko, aski, mendekua eta suntsitzea xede dituen espetxe politika honen aurrean. Espetxeen arloko politikak aldatu, eta gatazkaren irtenbideari begira jarri behar du, eta horretarako ezinbestekoa da euskal preso politikoek jasaten dituzten muturreko egoerak desagertzea".
Hortaz, hauek izango dira manifestazioaren aldarrikapenak:
- Euskal preso politiko guztiak Euskal Herrira, beren eskubide guztiekin.
- Biziarteko zigorra aplikatzeko aukera ematen duen doktrinaren derogazioa. Zigorra bete duten presoak KALERA. Eta zigorren hiru laurdenak bete dituztenak ere KALERA.
- Gaixotasun larriak eta sendaezinak dituzten presoak KALERA.
- Isolamendu eta bakardade egoerak desagertzea.

2011/06/21

Iazko Sanferminetako txupinazoaren istiluen aurrean, guk ikurriña!


Berria:    

Gaur hasi da Nafarroako Auzitegian Iruñeko iazko sanferminetako txupinazoan izan ziren istiluei buruzko epaiketa, eta udaltzainek orduko bideo bati baino ez diote eutsi gazteen aurka egiteko. Hiru adingabe ari dira epaitzen, desordena publikoa eragitea eta agintaritzari atentatua egitea leporatuta. Istiluak udaltzainek eragin zituztela salatu zuen, ordea, aurreko astean defentsak, eta gertaeren bideo bat erakutsi zuen.
Istiluetan parte hartu zuten udaltzainek lekuko gisa hitz egin dute. Ezin izan dute gazteen aurkako karguak berretsi. Beraz, horiek identifikatzen dituen elementu bakarra bideo bat da. Defentsaren abokatuak esan du bideo hori ezin dela frogatzat erabili, hasieratik amaierara etenik gabe grabatutako bideo bat beharrean hainbat zati elkartuz osatua dagoelako.
Udaltzainek plazara bereziki ikurrinaren bila sartu izana ezeztatu dute. Segurtasun arrazoiak direla-eta tamaina handiko edozein pankarta kentzeko agindua zutela azaldu dute. Arrazoiketa hori ere atzera bota du defentsa abokatuak; aurreko zenbait kasutan erabili eta ezeztatu den argudio bat dela gogoratu du.
Auzipetuek aitortu dute istiluen unean plazan zeudela, eta udaltzainen jarrera “oso basatia” izan zela adierazi dute. Epaitzen ari diren hiru adingabeetatik bik esan dute istiluen aurrean ez zutela ezer egin; hirugarrenak, aldiz, “sekulako beldurra” sentitu eta botila bat bota izana aitortu du.
Istiluak txupinazoa bota aurretik gertatu ziren. Hainbat gaztek ikurrina erraldoi bat sartu zuten udaletxeko enparantzan, eta udaltzainak kentzera sartu ziren, irudian ikus daitekeenez, indarrez. Istiluetan norbaitek botila bat bota zuen eta Madrilgo gazte bat zauritu zuten.
Auzipetuentzat hemezortzina hilabeteko espetxe zigorra eskatu dute. Beste hamahiru gazte inputatuta daude auzi berean, baina epaiketa egiteko egunik oraindik ez dute jarrri.
Horietako bi iazko uztailaren 6an atxilotu zituzten, eta gertaera bera egozten diete: gazte bati udaltzainen operazioko buruak botila botatzea egotzi zion, eta egun berean, operazio horren udaltzainen txostenean, beste gazte bati egotzi zioten botila jaurtitzea. Gainontzeko pertsonak joan den otsailaren 2an atxilotu zituzten.

2011/06/13

Ikasle Topaketak (Uztailak 1)

Hamaika izan dira 2010/211 ikusturtean Ikasle ta Abertzaleok burutu ditugun ekimenak eta geure indarra oso handia dela ikusteko aukera izan dugu hauetan. Gainera, ikasleriaren jarrera kritikoa berpizten ari dugula ikusi dugu, jarrera autoritarioak egunero salatuz eta UPNren Hezkuntza Politikari erabateko ezetza emanez. Hortaz aparte, geure alternatiba berretsi dugu "Hezkuntza Eredua Erabakiz, Etorkizuna Eraiki" manifestuaren bitartez.


UZTAILAREN 1ean ikasturte honi agur esango diogu Iruñerrian burutuko diren IKASLE TOPAKETETAN. Kontzientziak astintzeko eguna eta jai eguna izango da hau. Beraz ikasle, borrokatzera eta ondo pasatzera gonbidatzen zaitugu.
Hezkuntza eredua erabakiz, egunen batean, etorkizuna eraikiko dugulako! Ikasle borrokaz lortuko dugu!!!
Egitaraua:
-17:00etan TAILERRAK (Antoniuttin)
-19:00etan TRIKIPOTEO (Antoniuttitik - Alde Zaharrera)
-21:00etan AFARIA (Karmen Kalean) (6€)
-Ondoren Harremanetarako JOKOAK

2011/06/08

Selektibitateari EZ!


Bi urtetan entzundako mehatxua iritsi da! Ekainaren 8, 9 eta 10ean, Euskal Herriko unibertsitateetan sistema basati eta atzerakoi baten bitartez etiketatuak izango dira euskal ikasleak. Azken bi urteetan ikasitako guztia oka bota beharko dute izugarrizko presioarekin. Frantzian naiz Espainian adostutako edukiak ikasi dituztela demostratu beharko dute, orain arte nahikoa egin ez balute bezala; eta gainera ezagutzen ez dituen irakasle baten gain utzi ebaluazioa, baita azterketa bera hizkuntza arrotzean egin ere. Horregatik dei egin nahi diogu euskal ikasleriari datozen egunetan, Selektibitate eta Baxoaren aurkako pegata soinean janzteko eta bertatik bertara salaketa lana egiteko!

Eduki arrotzak eta pedagogia erabat atzerakoia. Selektibitatea eta Baxoa egun bizi dugun Hezkuntza Sistemaren erakusle besterik ez dira. Espainiar edo Frantses historia eta kultura, hizkuntza arrotzak… den dena ikasleok txintxo-txintxo eta inongo kritikotasunik gabe barneratu ditugula bermatzeko azterketa basati eta injustuak; gaitasunak baloratzetik urrun, dugun memorizatzeko gaitasuna izango baita kontuan hartuko dena. Horrekin batera, azken urteetan azterketa berritu bada ere, Bolognaren mesedetarako baino ez da izan. Ikasleon arteko lehiakortasuna handituz eta basakeria handiagoz!
Aspalditik ikasleok daramagu hezkuntza sistema honen kontra borrokatzen.
azterketa sistema itogarria, pedagogia atzerakoia, curriculum inposatua, ikasgai arrotzak... asko dira gainditu behar ditugun arazoak.

Borroka hauen artean selektibitatearena oso puntu garrantzitsu bat bezala ikusten dugu, azterketa batek ezin duelako gure etorkizuna baldintzatu
Horregatik ostegun hontan selektibitatearen kontra egingo den kontzentran parte hartzera animatzen zaituztegu!

10:00tan liburutegi aurrean izango da
AGER ZAITEZ!!!


2011/06/02

Iruñerriko Gazte Mugimenduaren hausnarketarako deialdia

Iruñerriako gazte mugimenduak M-15 mugimenduari buruzko hausnarketa egitera gonbidatu ditu gazteak. Urteetan bultzatu den mugimendua orain errealitate bilakatu dela eta egoera hau probestu beharra dagoela azaldu dute, mesfidantzak alde batera utzita.
Non gaude urteotan kalean borrokan egondako gazteok?
Iraultza lehertzen denerako indarrak gordetzen?
Iraultza politago bat itxoiten?
Zer pentsatzen duzu Gaztelu Plazako ekimenari buruz?
Pasatu ahal zara bertatik?
Asanbladetan parte hartu duzu? Eta komisioren batetan?
Lagunekin eztabaidatu duzu gaia?
Zer da gustatzen ez zaizuna?
Bizi izan duzu Iruñean aurretik horrelako zerbait?
Alferrikako ekimen bat da edo balio duen fenomeno soziala?
Zenbat aldiz eztabaidatu duzu politikaz lagun koadrilaz haratago?
Politika kalera atera behar da?
Sistema hau aldatzeko aski ahal da kexaka ibiltzea tabernan?
Enbarazu egiten digu gugandik desberdinak direnen iritziak entzutea?
Zuk ez baduzu egiten nork kritikatuko du tortura?
Zuk ez baduzu egiten nork egingo du euskaraz?
Espainiar estatuan Maiatzaren 15eko ekimenaren harira ehundaka gaztek hiriburu desberdinetako plazak sistema politiko eta ekonomikoaren aurkako iritzi kritikoz busti dituzte.
Euskal Herriko hiriburuetan ere islada izan du fenomeno honek eta egun hauetan Iruñeko Gaztelu plaza garai batean izandako hiriko egongela bilakatu da behin-behinean. Bertan gazte asko antolatu dira gai ezberdinen inguruan eztabaidatzeko, eta adin guztietako hiritarrak aritu dira mikrofonoaren inguruan sistemaren miseriak azalaratzen asanbladetan.
Hitz egin diren gaietaz haratago. Nork antolatu duen haratago. Non hasi den haratago. Esku beltza dagoen haratago. Komunikabidetan jasotako ohiartzunaz haratago. Poliziaren jarrera pasiboaz haratago.
GAZTELU PLAZAKO GERTAKARIAREN AURREAN EZTABAIDA ETA HAUSNARKETARRAKO IRAKURKETA BAT:
Egia da batzuk aspaldi hasi ginela borrokan. Egia da ere herri honek berezko borroka idiosinkrasia duela. Honek urteetan zehar dinamika aberasgarri eta eraldatzaileak aurrera eramatera lagundu digu. Horrela, Iruñaren izaera errebeldearen parte eta motore izan gara beti, borroka eta gatazka guztien lehen lerroan aritu izan garelarik. Krisi kapitalista eta gobernuaren murrizketen aurrean mobilizazio jendetsuak burutu dira Iruñean, 2 urtetan 3 Greba Orokor burutu direlarik. Institutuetan aurrera atera diren ekimenak ezin ditugu ahaztu ere ez.
Baina egia da ere azken hamarkada honetan maiz autokontsumorako dinamiketan erori garela, perspektiba eta gaitasun faltagatik, ez dugu asmatu gazteon benetako arazoei aurre egiten. Gure diskursoak edukiz hustu ditugu askotan eta gizarte arazoak identifikatu eta lantzeko izugarrizko arazoak izan ditugu. Zer esanik ez, azkenaldian gazte mugimenduaz hitz egitea, hitz egiteko modu bat besterik ez da (sektore soziologiko moduan, benetan ezer gutxi mugitzen dugularik, herri-jaietako ekimen herritar txalogarrietaz gainera). Funtsean eta garrantsitsuena: hausnarketa eta eztabaidatzeko gaitasunak galdu ditugu. Gure mikroklimaz haratago begiratzea falta izan zaigu.
Uste dugu, sortu berri den mugimenduak bere ibilbidea izango duela. Ez dakigu motza edo luzea izango den. Ezta zer norabidetan joko duen. Baina uste dugu Iruñari arnasa ematen ari dion ekimena dela eta zentzu horretan errespetu osoa zor diogula. Gazteon arazoak, sistemaren kontraesanak, plazara eraman izanak positiboa da bere horretan. Asanbladen horizonaltasuna, autogestioa eta gazteon parte hartze aktiboa ere goraipatzeko alderdiak dira.
Urte luzez bultzatu dugun gazte uholdea, bapatean errealitate bihurtu da. Eta hor dago gakoa. Guk bultzatu ezean ez dugu parte hartzen. Mesfidantza horrekin apurtu behar dugu. Ez ekimen konkretu honekiko bakarrik baizik gure egunerokotasunean.
Guk ez diogu inori esango zer pentsatu behar duen, baina pentsatzera animatzen zaituztegu. Askotan errezegi kritikatzen baititugu besteen ekimenak guk planteatutakoak “iraultzaileenak” omen direlako. Etorkizuna eskuetan hartu nahi badugu gure errealitateari erreparatu behar diogu, autokritika eginez, aurrerantzean borroka molde eta esparru erakargarriak proposatzea gure egitekoa izango delarik. Beti ere Gazte Mugimendua errealitate egin nahi badugu, izenaz haratago.
Asko dugu eskeintzeko, baina asko ikasteko ere.
Iraultza txikiak pizten ari diren honetan, gutako bakoitza ezpala bada
denon artean izugarrizko sutea eragingo dugu!
Iruñerriko Gazte Mugimendua